Pertsona hobea izan nahi dut

Urte zaharrari agur esan eta berriari ongietorria egiteko sasoi honetan, nahi gabe ere, nortzuk garen eta nolakoak garen pentsatzen hasten gara. Urteko errepasoa egiten dugu: zenbat kirol egin dut, zenbat liburu irakurri ditut, gustuko lana ote dut edo bikote harreman honek betetze ote nauen. Gauden eta egon nahi dugun tokiaren arteko amildegia zenbaterainoko zabala, zenbaterainoko sakona den pentsatu ohi dugu.
Urte berria hastear denean, denok gutxi-gehiago pentsatzen dugu aurten pertsona hobea izan nahi dugula. Baina zer da pertsona ona izatea? Bakoitzaren baloreen araberakoa da hori, noski. Baina, normalean, besteekiko dugun jarreran oinarritzen da gure ontasuna edo haren falta. “Beste” guztiak berdinak dira ordea ala sailkatzen ditugu, nolabait, “gu bezalakoak” eta “gu bezalakoak ez” direnen artean? Eta berdinak al dira gure jarrerak haiekiko? Pertsona ona al naiz nire familiakoekin atsegina eta ona banaiz, baina ez hainbeste neure herrian bizi diren etorkinekin edo sexu-orientazio jakin bat (ez) dutenekin? Pertsona ona al naiz gobernuz kanpoko erakundeen laguntza kuotak xuxen-xuxen ordaintzen baditut, baina nire langileei arnas hartzen ere uzten ez badiet edo soldata duin bat bermatzen ez badiet? 

Filosofia morala aztertzen dutenen arabera, bat ona da denentzako bada ona, izan familiakoa, izan ezezaguna; ona da bere gisakoekin eta, bereziki, bere gisakoa ez denarekin. 
Kirola egitea ondo dago, irakurtzea ondo dago eta gustuko lana eta pareko bikotea izateak bizitza askoz atseginago egingo dizu, zalantzarik gabe. Baina, aurten, pertsona hobea izan nahi baduzu, saia zaitez zeure buruari galdera zenbait egin eta zintzoki erantzuten. Saiatu zeure burua zertxobait hobeto ezagutzen. Gizarte on batek ezinbestean behar ditu pertsona onak. Zure bertsiorik onena behar du. Zein da zure bertsiorik onena? Ez dakigu. Galdera hori geure buruei sarri-sarri egitea da inportanteena.

Scroll to Top