Nemico della patria?

Josep Maria Tamarit Sumalla Zuzenbide penaleko katedraduna da Lleidako Unibertsitatean eta Kataluniako Universitat Obertan, biktimologian, justizia erreparatzailean, justizia trantsizionalean eta zigor penaletan aditua. “Estatuaren etsaien matxinada, goi-mailako traizioa eta errepresio penala” izenburu zuen bere hitzaldia, gaur egun lantzen diren hainbat kontzeptu juridikoren gaineko begirada pedagogikoa izan zen: matxinada, sedizioa, estatuaren etsaiak. “Arazo katalanaren” inguruan hitz egiten denean, esaterako, kazetarien artean, solasaldietan edo ordezkari politikoen ahotan dabiltzan kontzeptuak denak, xehatu beharrekoak. “Arazo katalanaz hitz egiten dutenean, beti esaten dut asko direla arazo katalanak. Hau horietako bat da”, esan zuen Tamaritek, kontzeptu horiek aztertzen hasi aurretik.

Matxinada kontzeptuarekin hasi zen. Bere etimologiak hona garamatza: “gerraren ikuspegi batera itzultzea, kontratu sozialaren aurreko egoerara”. Ez dago horren pareko figurarik beste kode penaletan, baina kode espainiarrean badu bere ibilbidea, XVIII. mendetik hasi eta gaur egun indarrean dagoen 1995eko koderaino. Horretan, indarkeriaren ñabardura jasotzen da, argi uzteko aldarrikapen soil bat ez dela sekula delitu izango. Delituak ekintza bat eta helburu bat eskatzen ditu, eta 5 eta 30 urte bitarteko espetxe zigorra ditu ondorio. Delitu hau zigortu den aldi bakarra 23F-ko estatu kolpea izan da, (“matxinada militarraren delitua” zehazki). Ikusten denez, delitua delitutzat hartzeko ez da beharrezkoa matxinadaren garaipena.

Sedizioaren kontzeptuarekin jarraitu zuen, handik aurrera hitz honek tarte handiagoa hartuko zuela aurreikusiz. Antza denez, kode espainiarrak jasotzen duen delitu bat da sedizioarena, hori jasotzen duen bakanetakoa. Deskribatzen duena da, sedizioaz akusatuta dauden horiek, matxinada egin ez badute ere, legeak ezartzea oztopatzeko altxatu izan direla. Batzuek diote “matxinada txiki” baten gisako zerbait dela, eta 4 eta 15 urte bitarteko zigorra dakar.

Beste sistema juridiko batzuetan agertzen diren kontzeptuak dira adibidez High Treason zuzenbide anglosaxoian edo Moviment insurrectionel, frantzesean. Horietan guztietan indarkeria gertatu izana beharrezkoa da, eta denek ere bat egiten dute ezaugarri batean: atzerriko arerioekin batuz herria traizionatzea eta estatuaren bakea zalantzan jartzen duten mehatxuak egotea.

Espainiako kode penalean jasotzen den matxinadaren kontzeptuari buruz interpretazio anitzak egin daitezkeela nabarmendu zuen: indarkeria aipatzen denean indarkeria hori fisikoa edo psikikoa (indarkeria erabiltzeko mehatxua) izan daitekeela, indarkeria fisikoa edo armatua soilik hartu behar dela kontutan… baina inork ez du defendatu, esaterako, pertsonen gaineko “indar” abstraktu baten interpretazioa. Sedizioaren kasuan, izaera iskanbilatsua izatea beharrezkoa da delitua gertatzeko, erabilitako indarkeriaren pareko larritasun edo eragina izatea beharrezkoa dela; beste kode batzuetan ez bezala, matxinadaren eta desordena publikoen erdibidean dagoen figura gisa hartzen da.

Eta auzi katalanean, nola ari da jorratzen gai hau? 2018ko martxoaren 21eko Auzitegi Gorenaren Autoak (Llarena epaileak igorria) jasotzen du zergatik hartzen den matxinadatzat: motibazioengatik. “Estatuari erasoa” edo “larritasun eta tematze ez-ohiko eta parekorik gabekoa” bezalako hitz gogorrak aipatzen dira bertan. Indarkeriari dagokionez, interesgarria da irakurtzea nola onartzen duten indarkeriarik ez zutela erabili, baina zelan gehitzen zaion honako ñabardura: “ez da gauza bera indarkeria erabiltzea edo indarkeriaz jokatzea”. Hau da, nahikoa da indarkeria erabiltzean pentsatze hutsa, indarkeria gabeko ekintza bat matxinadatzat hartua izateko.

Hemen beharrezkoa da arerioaren zuzenbide penalaren kontzeptua aipatzea. Delitu arruntek legeak mehatxatzen ez dituzten arren, badira mehatxu hori egiten duten delitugileak, eta haiek desberdin tratatzen ditu estatuak. Estatuaren traidorearen ideia da. Zentzu horretan, arerioa sozialki, legalki eta judizialki eraikitzen da. Sozialki oso erabilgarria da hau kohesioa sortzeko. Legalki, arerioarentzat eta delitugile arruntentzat arau desberdinak egiten diren momentutik eraikitzen da. Eta judizialki eraikitzen da, legeak iristen ez diren kontuetara epaileak irits daitezkeelako, jurisprudentzia sortuz. Kontzeptu hau ilustratzeko, Andrea Chénier operaren (Umberto Giordano, 1896) zatitxo bat proiektatu zuen, Nemico della patria? izenekoa eta honela hasten dena: Aberriaren arerioa? Herriak oraindik zorionez irensten duen / ipuin zahar bat da.

Kontzeptu eta hitz hauekin guztiekin, kontutan izan behar da lengoaia beti dagoela boterearen zerbitzura, eta eskubidearen atzean beti dagoela indarra; beraz, beti dagoela boterea gehiegikeriaz erabiltzeko arriskua.

Auzi katalanean “indarkeriaren” eta arerioaren erakuntza gisako zerbait egon da. Argi utzi zuen ez ziela prebarikatzea leporatzen: “diodana da, inor ez zela aritu testuinguru sozialetik aparte”. Izan ere, enpirikoki frogatu ahal izan da, epaileek euren ideien arabera ezartzen dituztela sententziak. Hau sumatzen zen zerbait zen lehen, baina orain zientifikoki frogatu da. Erabakiak, batzuetan, arrazonamendu subkontzienteetan oinarritzen dira. Klimak eta inguruneak eragina dute, nahiz eta norberak objektiboki ari dela sinetsi. 

Galderen txandan, batek galdetzen zuen ea posible ote zen indarkeriarik gabeko desobedientzia zibil bat, gisa honetako delituak jasotzen dituen demokrazia batean. Onartu zuen legeek ezin zituela lege-hausteen aurrean ez-axola egin, baina bilatu daitezkeela hura bideratzeko beste modu batzuk, arrazoi gorenago bat topatu, eta abar.

Amaitzeko honakoa esan zuen: “Makina judiziala gelditzea oso zaila da. Honek bere horretan jarraituko du”. Eta, berari esker, lehen baino askoz informazio gehiagorekin jarraitu ahal izango dugu kontua.

Scroll to Top