Ausart gaitezen

Jorge Bucay idazlearen ipuin bat bada, Panchitoren istorioa kontatzen duena; sei urteko mutiko hark bere bizia eta bere anaiarena salbatu ahal izan zituen euren etxea kiskaltzen zuen sutetik. Nola lortu zuen? Galdetzen zuten guztiek. Nola lortu zuen mutiko hark leihoa eta hesia haustea? Nola eraman ahal izan zuen bere anaia motxilan hartuta? Nola zen posible pisu hura bizkarrean zeramala erlaitzetik ibili eta zuhaitzean behera joatea? Suhiltzaileen buruak eman zien erantzuna: “Panchito bakarrik zegoen, inork ez dio esan lortu ezin zuenik”. Panchito zuhurra eta ausarta izan zen, adimentsua eta  irmoa. Bere buruagan sinistu zuen, eta lortu egin zuen.

Bakeak ere zuhurtzia eta ausardia behar ditu, adimena eta irmotasuna. Eta fedea, hau da, bakea lor daitekeen zerbait den konbentzimendu intimoa eta konfiantza guztizkoa, arrazoian edo esperientzian oinarritzen ez den uste tinkoa. Ez dugu ikusi, ez dugu ezagutzen, baina sinesten dugu badela. Bidean kristalak hautsiko dira eta zama eraman beharko dugu bizkarrean, arriskatu beharko gara erlaitzetik ibiltzera eta zuhaitzetan behera joatera. Beharbada, hemendik urte batzuetara, iraganaz eta etengabeko konfrontazioan bizi izan den belaunaldi honetaz hitz egiten dutenean, jendeak galdetuko du: Nola egin zuten zauriak ixteko? Nola lortu zuten elkar ulertzea? Nola itzuli ziren ametsak eta espazioak elkarbanatzera? Horixe bera: “inork ez zielako esan egin ezin zutenik”. Inork ez digu esaten ezin dugunik. Egin dezagun.

Scroll to Top