Justizia emakumeen eskutik dator

“Indarkeria sexualari buruz asko hitz egingo dut. Badakit deserosoa dela, mugitu egiten gaituela” esan zuen Amandine Fulchironek bere hitzaldiaren hasieran; publikoari gorputza uzkurtu zitzaigun, testigantza gogor eta digeritzeko zailak entzuteko prestatuz. Ordea, hitzaldia aurrera joan ahala, astinalditik urrun, biguntzen joan ginen, ekarri zigun ahalduntze mezua sentituz.

Fulchiron aktibista feminista, politologa, gizarte-hezitzaile eta ikerlaria, Guatemalako Actoras de cambio kolektibo feministako fundatzaileetakoa da. Baketik eta San Telmo Museoa elkarlanean antolatzen gabiltzan giza eskubideei buruzko zikloaren barruan hitzaldia eskaini zigun “Justizia berrasmatzen, emakumeen gorputz, bizitza eta komunitatetik” izenburupean. Moderazioa Gloria Guzman-ek egin zuen, hitzaldiaren antolaketan lagundu duen Hegoa Institutuko kide dena.

Fulchironek indarkeria sexuala jasan duten emakumeen komunitateekin lan egin du Erdialdeko eta Hego Amerikan, non emakumeen gorputzetan matxismoa eta kolonialismoa gurutzatzen diren. Emakumeei egindako bortxaketen kasuan, dena larriagotzen duen arazo bat dago: bide judizialek ez dute funtzionatzen. Kalkulatzen dute kasuen %99 geratzen direla zigorrik gabe. “Legearen interpretazio patriarkala dago eta baita gizonen bortxatzeko eskubidea finkatzen duten zenbait itun patriarkal ere,” zioen. Segituan lotu zuen egoera hori oso hurbilekoa zaigun beste batekin: Manadaren kasua. Egoera hauetan denetan, emakumeei egozten zaie indarkeria honen errua, baimena emateko hautua hartu zutela argudiatuz, euren bizitzen truke baldin bazen ere. Gauzak horrela, lanean ibili den komunitateetan ikusi du, bizirik atera diren emakumeak baztertu egiten direla, eta eurek direla ihes egin behar dutenak “beste gizon batenak” izan direlako. Gizonentzat (senarra, senideak) umiliazio bat da gertatutakoa.

Lagundu zituen bi kasuri buruz hitz egin zigun: prozesu judizial bana abian jarri zuten eta, harrigarriro, irabazi egin zuten. Eta hala ere, aldeko sententzia bat izan arren, bizirik ateratako emakumeen sentsazioak ez ziren guztiz gogobetegarriak izan: “justizia lortu genuen, baina nork konponduko du egin diguten mina?”; “komunitatean inork ez du gure sufrimendua aitortzen, bortxaketa krimena izan zela”; “ez da krimenari buruz hitz egiten”; “komunitatea tematuta dago bere izen ona berreskuratzearekin”. Hau da, arrakala ikaragarria zegoen justiziaren eta errealitate sozialaren artean. Ondorioztatu zuten: 1) sistema judizialak ez duela bidegabekeria, kalte morala, konpontzen; 2) egia juridikoaren eta gizartearen errekonozimenduaren artean ez dago elkarrekikotasunik; 3) berriz ez gertatzeko baldintzarik ez ditu sortzen sistema judizialak.

Itxuraz irtenbiderik ez duen egoera honen aurrean, ze aukera zituzten galdegin zieten euren buruei. Erantzuna: lege propioak sortzea, “Emakumeen legea”. Euren kabuz prozesu komunitarioak martxan jartzen hasi ziren, estatuarekiko fedea alde batera utzi, eta bide sozial eta politikoagoak garatzeko, sentimenduak eta gorputza barne hartuz.
Prozesu hauetan, bidegabekeriaren erreparazio neurri bezala, emakumeen arteko aitortza, sendaketa eta maitasunerako politika baten alde lan egin zuten. Hiru helburu zituzten:1)
entzuten zaiela eta euren bizitzak baliagarriak direla sentitu: isiltasuna apurtu eta mina sendatu; 2) aitortuak izan, baliotsuak eta legitimatuak direla sentitu: umiliazioa sendatu. Aitortzaren hasieran gorputza eta bihotza jarri. Errua alde batera utzi, gorputzera itzuli. “Dena gertatu zen gorputzean: bertara itzultzeko beharra dugu”; eta 3) maitatuak izan eta norbere buruarekiko maitasunean sakondu: gorrotoa eta bazterkeria sendatu.

Honek denak bidegabekeria errotik kentzeko autoritate indibiduala eta kolektiboa berreskuratzea ahalbidetu zuen, eta hainbat modutan adierazi dute hori: adibidez, publikoki euren buruak agertuz eta euren tokia hartuz, errurik eta lotsarik gabe. Baita gorputzarekin indarkeria matxistari muga kolektiboak jarriz ere  (botere hertsatzailea, elkarren babesa, izenen salaketa publikoa). “Itzul diezaiegun lotsa eta beldurra eragileei”, zioten.Bere azalpena bukatzean publikoko norbait konturatu zen ez zuela “biktima” hitza behin ere erabili: “ez dut erabiltzen. Guri eragindako krimena indartzen du. Humanitatea eranzten digu. Akaso biktimak izan ginen momentu batean, une zehatz hartan, baina ez bizitza guztian zehar.”

Bukatzeko kontatu zigun geroz eta emakume gehiago direla halako prozesuekin bat egiten dutenak, izan ere, “norbait ahalduntzen dela, eraldatzen dela edo hoberantz egiten duela ikusten baduzu, kutsatu egiten zara”.Zalantzarik gabe, gehienbat emakumez osatua zegoen publikoa, itxaropenez kutsatu ginen eta geure boterearen eta hark eskaintzen dituen aukera guztiez kontzienteago atera ginen bertatik.



Scroll to Top