Bizia biziarekin defendatzea

Pasa den irailaren 18an, Baketikek eta San Telmo Museoak elkarrekin antolatutako hitzaldi zikloaren baitan, CEAR Euskadik koordinatzen duen Giza-Eskubideen Defendatzaileen babes programa ezagutu ahal izan genuen; gainera, une honetan programa horren babespean dauden bi emakumeren testigantzak ere entzun ahal izan genituen bertatik bertara.

CEAR Euskadiko Veronica Alvarez Garciak azaldu zuen pertsona asko erasotuak eta jazarriak direla giza eskubideak defendatzeko euren lanarengatik: “zenbait herrialdetan, gainera, erasotzaileen zigorgabetasuna gero eta handiagoa da eta justiziak ez du behar bezala erantzuten; gobernuak eta erasotzaileak hitz hartuta daude, gainera”. Errealitate honen aurrean, lehen urratsa bakoitzari bere inguruan babesa bilatzea da. Baina, badirua egoera batzuk, non tokiko laguntza ez den nahikoa eta beharrezko egiten da herrialdea uztea.

2011n Eusko Jaurlaritzak pertsona hauei laguntzeko konpromiso politikoa berretsi zuen, Giza Eskubideen Defendatzaileen Babeserako programa sortuz, CEAR Euskadik koordinatua. Gaur egun hiru pertsona daude programa horren babespean eta 6 hilabeteko egonaldia egingo dute Euskal Herrian. “Gure artean dauden denbora horretan, indarberritze emozionalerako eta fisikoki nahiz mentalki sendatzeko ingurune seguru bat eskaintzen saiatzen gara CEAR Euskaditik”.  

Kolonbia: lurraren borroka

Danelly Estupiñan Valencia Kolonbiako Komunitate Beltzak erakundeko kide da. Portu erraldoiek eta azpiegitura industrial eta turistikoek irenstear dute Bonaventura, bere jaioterria; ondorioz, galtzen ari dira lurrak, aberastasun naturalak eta, nola ez, giza-bizitzak ere. 2018an bakarrik, lurraren defentsan ziharduten 400 lagun baino gehiago hil dituzte: “Komunitate afrokolonbiarraren borroka, oinordetzan hartu genituen lurren aldeko borroka da; zaindu beharra daukagu, gure bizileku direlako”. Azaltzen zuenez, 400.000 biztanle inguru dituen hirian, lau portu handi daudela jada eraikiak; botere ekonomiko handiek, ordea, 14 portu gehiago eraiki nahi dituzte. Barrua uzkurtzen zuen kontakizun batekin, Estupiñanek zera zioen: “Garapenaren biktimak gara. Hiltzen gaituzte, torturatzen gaituzte, bortxatzen gaituzte, gure lurrak behar dituztelako”.

Politika ekonomikoek bultzatutako portuen zabalkundeak, meatze-ustiapenak eta monolaborantzak, hiritarren tokialdatzen behartuak dakartza ezinbestean; azken urteetan, urteko 25.000 lagunek beren bizitokia utzi behar izan dute batez beste. Horrek biztanleei bizitzeko beharrezko duten hori kentzea dakar: lurra, ura, lana, etxebizitza… Estupiñanek zioenez, “indarkeria ez da arazoa, indarkeria estrategia bera da. Gureak kapitalaren dinamikaren baitan borrokan dauden lur etnikoak dira. Ez dago besterik. Gobernu kolonbiarrak denbora askoan ezkutatu izan zuen hau gerrillen mantapean eta paramilitarren mantapean; orain disidentziaren eta banda kriminalen mantak sortzeen ari dira. Baina helburua gerra da”. Azaltzen zuenez, Gobernuak banda kriminalekin lotzen du Komunitate Beltzen mugimendua, euren protestak narkotrafikoaren diruarekin finantzatzea leporatuz.

Kolonbian martxan dagoen babeserako protokoloa ―bi bizkartzain, balen aurkako txaleko bat, auto blindatua, mugikor bat eta izuaren botoi batez hornitua― ez da nahikoa, inolaz ere, defendatzaileen bizia bermatzeko, gainera, ohartarazten dute Gobernuak eskuak garbitzen dituela, ahal duena egiten duela esanez. “¿Baina tiroa ez badidate botatzen txalekoa dudan lekuan, baizik ez dagoen tokian, buruan adibidez?”. Horregatik, neurri integralak eta kolektiboak eskatzen dituzte, “gu ez gaituztelako erasotze kontu pertsonalengatik, eskubide kolektiboak defendatzeagatik erasotzen gaituzte”. Hori dela eta, neurri materialez gain, Gobernuari konpromiso politikoak eta juridikoak eskatzen dizkiote, euren bizitza eta komunitate beltz kolonbiarren eskubideak bermatu ahal izateko.

Honduras: non daude ez daudenak?

“Hamarkada galdu hartan, Hondurasko heriotzaren eskuadroiek eragindako terroretik bizirik irten zenetako bat naiz”. Hala aurkeztu zuen bere burua Nohemi Ester Perez Borjasek, COFADEH (Hondurasko Atxilotu Desagertuen Familien Elkartea) erakundearekin giza eskubideen defendatzaile denak. Erakunde hori 80 hamarkadan AEBek indarrean jarritako segurtasun nazionalerako programa baten ondorioz gertatu ziren desagertze behartuei erantzuteko sortu zuten. Guatemala, El Salvador eta Nikaraguako gatazken testuinguruan, haietatik ihesi zetozenentzat babesleku bilakatu zen Honduras. Baina, AEBek esku hartu zuten, Ertamerika osoko nahiz Honduras bertako 200 lagundik gora desagerraraziz. Horietako bat izan zen Francisco Samuel Perez, Estherren anaia, 1982ko urtarrilean desagertua; arrebak 14 urte baino ez zituen: “ezin nuen imajinatu ere egin zer zetorkigun; familiaren desintegratzea eta, senide bat galdu eta gaur egun arte ezer ez jakitearen egoera ikaragarria”, azaltzen zuen. Urte hauetan guztietan lortu dute zenbait gorpu deshobiratzea, baina familia gehienek ezin izan dituzte euren senideen gorpuzkinak berreskuratu, “nire gurasoak horren zain hil ziren. Gure Estatuari ez zaio interesatzen gertatu zena jakitea”.

Hondurarren %85 pobrezia bizi da; horri gehitu behar zaio 2009ko Estatu Kolpea, nahasmen sozio-politikoa, errepresioa eta eguneroko hilketa ugariak. Giza.eskubideen aldeko borrokan diharduten erakundeak jazarriak eta presionatuak izan ohi dira euren borrokan etsi dezaten. Prentsa kontrolatu eta manipulatu bat edukitzea sufritzen dute defendatzaileek; narkotrafikoaren diruz finantzatuak izatearen akusazioa sufritzen dute; eta giza-eskubideak urratzen dituzten haien zigorgabetasuna sufritzen dute, haiek kargu publikoetarako hautagai edo diktaduraren aholkulari diren bitartean.
Besteak beste defendatzaileak,gizarte erakundeak eta kazetariak babesteko lege bat onartu zen 2015ean. “Mugikor bat eta izuaren botoi bat ematen digute, eta horrekin betebeharrak betetzen dituztela diote; baina gero dronekin kontrolatzen gaituzte, gure mugimenduak zelatatzeko”.

“Erreparazioa eskatzen dugu, kalte-ordainak iraina dira guretzat. Dirua ematen digute baina arduradunak solte daude kalean”, azaltzen zuen Perezek. “Geure onetik ateratzen gaitu, bestetik, hauteskunde garaian herrialdea nazioarteko ikuskatzailez betetzen dela ikustea, baina, inortxok ere ez duela gertatzen ari dela salatzen ikustea”.

Perezek CEAR Euskadiren lana eta Euskal Herriaren babesa eskertu zituen, baina honakoa ere esan zuen: “Niretzat oso gogorra da hemen egotea eta nire herrialdean gertatzen ari dena ikustea. Erresistentzian eta borrokan, Kanpora diktadorea! oihukatzen hiltzen diren gazte horiek ikustea; eta ikustea nola diktadoreak armada are arma gehiagoz indartzen duela ikustea, jendea hiltzeko, Hondurasek eskolak, osasuna eta bizia behar dituenean aurrera egiteko”.


Scroll to Top