Denok gara hiritarrak, baina batzuk besteak baino hiritarrago

Javier de Lucasen hitzaldiari jarraiki, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zela 70 urte betetzen diren urtean, Baketikek San Telmo Museoarekin batera antolatu duen hitzaldi zikloaren bigarren mahai-ingurua egin zen joan zen ekainaren 13an. Arartekoaren bulegoko Rafael Sainz de Rozas, eta Gipuzkoako SOS Arrazakeria-ko lehendakaria den Maitane Arnosok, giza eskubideak, hiritartasuna eta aniztasuna izan zituzten hizpide, Xabier Aierdik moderatutako mahai-inguruan.

Ze hiritartasun mota planteatu daiteke? Eskubidez osaturiko erresidentziazko hiritartasun bat egokia litzateke? Aniztasunaren inguruko aldarrietan, ze kontraesan edo dilema daude? Aniztasunak ezkutatzen/ahultzen al du gizarte integrazioa? Hizkuntza aniztasuna nola kudeatu daiteke? Berdintasuna eta aniztasuna nola uztartzen dira?

Galdera horiei guztiei erantzuten aritu ziren bi hizlariak. Laburbilduz, eta De Lucas-ek ere esan bezala, hauek ere nabarmendu zuten hiritartasunari buruz ari garenean hierarkia eta botere desorekei buruz hitz egin behar dugula nahitaez. “1. mailako hiritarrak daude, eta 2. eta 3. mailakoak. Azken hauetan kokatzen dira etorkin gehienak: ez dituzte eskubide politikoak bermatuta eta hori erronka da gizarte demokratikoentzat. Besteak beste, hauteskundeetan ezin dute inor hautatu, eta ezin dira ezta ere hautatuak izan”, zioen Arnosok. Sainz de Rozasek ere eskubideekin lotzen zuen hiritartasunaren kontzeptua, naziotasunetik eta beste identitate kolektibo batzuetatik bananduz: “eskubideak borroka baten emaitza dira, egunero defendatu eta birdefinitzen direnak.  Denok ez ditugu eskubide berdinak, ordea, eta gainera atzera egin dugu eskubide askotan”. Bere iritziz, eskubideak arrazionalki defendatu beharrean, pertsona bat talde batekoa delako defendatzen dira batzuetan; baina eskubideak gizakienak dira, ez dira komunitate baten parte izatearen baldintzapean eskuratzen.

Mamiz betetako hausnarketak konpartitu zituzten bi-biek.  Boligrafoa eskuan osorik ikusteko, bideo honetan ikus dezakezue mahai-ingurua:



Scroll to Top