Sarraskitik ihesean gure kostaldeetara hurbiltzen diren ehunka pertsonen desgrazien irudiak errepikatzen zaizkigu azken aldian. AEBetara iristen diren etorkinen patua ere ikusi dugu azken asteotan, eta gurasoengandik indarrez banandu dituzten haurren negarrak sumina eragin digute. Zorigaiztoko egoera hauen aurrean enpatia falta omen zaigu herrialde pribilegiatuetako biztanleoi, batez ere gobernatzen gaituztenen partetik.
Enpatia bestearen azalean jartzeko gaitasuna da, bestearen buru eta gorputzean gertatzen ari dena imajinatu eta geure buru eta gorputzean sentitzea, geureak balira bezala. Ordea, gaitasun honek bere baitan ez digu onurarik ekartzen sufrimendu egoeretan. Ozeanoaren erdian noraezean dagoen itsasontzi batean zer sentitzen den imajinatzeko ariketa egin dezakegu, eta sufrimendu hori sentitu geuk ere. Zertan laguntzen die horrek injustizia larrien biktimei?
Enpatiak ekintza behar du, bestela sufrimenduaren kutsadura hutsean geratzen da guztia. Sufrimenduzko informazioa etengabekoa da komunikabide eta sare sozialetan gainera, eta erraza da gaindituta sentitu eta bestaldera begiratu behar izatea geure buruak babesteko, edo zinismoan edo etsipenean erortzea. Horregatik, besteen sufrimendua imajinatu eta bizi ondoren, egoera hobetzeko gure eskuetan dauden ekintzak identifikatu eta ekitea da gakoa. Horretan datza, hain zuzen ere, Baketiken “enpatiaren plusa” kontzeptua. Eta kasu honetan ekiteko badugu asmatu beharrik ez dagoen marko argi bat: giza eskubideena hain zuzen. Pertsona orok ditugu giza eskubideak eta besterenezinak dira gainera. Jar ditzagun bizitza eta giza eskubideak ekiten dugunaren zentroan.
Enpatia gizaki guztien gaitasun bat da, lengoaia edo bi hanken gainean ibiltzea bezala. Alde horretatik, ezin dugu esan enpatia falta zaigula: egoki kalibratzea falta zaigu, afinazio humanoago bat ematea, mundu justuago baten alde erabiltzeko.