Ezjakintasunari gorazarre

Baketik-en ikastaro edo hitzaldiren batean egon den edonork ziur behin eta berriz entzun digula “mugatuak garen” kontu hori: inperfektuak, iragankorrak garela; min ematen diogula elkarri; zahartu eta hiltzen garela; ez daukagula egia osoa; galdera gehienen erantzunik ez dugula… Begien bistakoa dena, alegia, baina uste baino gehiagotan ahazten duguna.

Gure mugez ez jabetzearen adibide garbi bat dugu ordezkari politiko askoren adierazpen publikoetan. Politikariekiko desengainua zabalduta dagoen aro honetan, herritarrok urruti ikusten omen ditugu ordezkariak, gugandik deskonektatuta. Akaso umiltasun falta hori izan daiteke arrazoietako bat. Izan ere, euren komunikatzeko erak behatuz, izaera mugagabea adierazteko joera hori ikus dezakegu: arazo guztien soluzioa izango balute bezala jokatzen dute hautagaiek; irabazle itxura ematen dute, “presidente naizenean” bezalako baieztapenekin; herritarren behar eta desio guztiak ezagutzen dituztela adierazten dute, “herritarrentzat onena hau da” bezalako baieztapenekin… etabar. Etorkizuna iragarri eta susmo eta iritziak egia objektibo bezala tratatzeko jarrerak nonahi daude, salbuespenak salbuespen.

Errealitatea zera da: ez daukate arazo guztien soluziorik, soluzio horiek bilatzeko borondatea baizik, izatekotan; egin dezaketena mugatua da, instituzioak pertsonak bezain mugatuak direlako; ez dakite irabaziko duten ala ez, eta zilegi da hala adieraztea (“irabazten badut”, “irabazten dudanean” beharrean); herritar bakoitzak eta guztiek zehazki zer nahi duten jakiterik ez dago, bozkak ez baitatoz ohar eta azalpenez josita. Zerrenda luzeago bat egin genezake, baina kontua da konturatzea mugak onartzea eta adieraztea ondo dagoela. Are gehiago, beharrezkoa dela.

Ez ditugu jainko orojakileak behar instituzioetan: pertsonak behar ditugu. Beren izaera mugatua eta sormen infinituarekin, gainontzeko gizalaba eta gizaseme guztiok bezala. Ez dakitenean ez dakitela esaten dutenak, hobetzen jarraitzeko.

 

Maialen Lizarralde

Scroll to Top