Haiek eta gu?

Parisko atentatuez geroztik eta Siria eta Irak inguruan zenbait talde armatuk izan duten gorakada tarteko, Islama, terrorismoarekin eta giza eskubideen aurkako urraketekin lotzeko joera handituz doa. Gauza bera gertatu zen EEBBetako irailaren 11ko atentatuen ostean. Terroristek, erlijio hau hartzen dute beren ekintzen basamentutzat. Beren diskurtso eta bideoetan, fede islamiarra erabiltzen dute beren jardunaren abiapuntu eta jomuga modura.


Hori dela medio, Islama eta terrorismoa lotzeko joera indartuz doa gure gizartean. Krisi ekonomikoa eta ondorioz ongizate estatuak jasan duen beherakada tarteko, immigrazioaren eta bereziki islama praktikatzen duten horien aurkako diskurtsoen indartzea ekarri bazuen gizarteko zenbait esparrutan, Europan jazo diren azken atentatu terroristek diskurtso hori hauspotu besterik ez dute egin. 


Azken batez, pertsona musulmanek beren jatorrizko herriak era masiboan utzi izanak, bereziki Siriatik Europara etortzeko, hemen dagokien errefuxiatu izaera onartuko zitzaielakoan, goratu besterik ez du egin Europan komunitate musulmanak duen presentziaren inguruko eztabaida. Horren guztiaren ondorioz, immigrazioaren aurkako diskurtsoak gogortu egin dira eta bereziki musulmanen kontrakoak.


Gure inguruan ere antzeman dugu, jarrera eta diskurtso etiko eta gizatiarra dutenengan ere bai, islamarekin zerikusia duen guztiarekiko mesfidantza handituz doala. Badirudi gure gizartean txertatuz doala “gu” eta “haiek” bereizten duen diskurtsoa, non, diskurtso horren funtsa “haiek” hori bereizteko garaian pertsona horien ustezko itxura islamiarra den.


Baketikek ez du euskal gizartean oraingoz beste leku batzuetan bezain errotua ikusten islamofobia deitu dezakegun korrontea. Dena den, ukaezina da egon badagoela eta gora egin duela. Immigrazioaren presentzia baxuagoak eta krisi ekonomikoaren gestio hobeak eta, ondorioz, estatuko beste leku batzuetan baino ondorio leunagoek, nolabait euskal gizartean Islamaren aurkako diskurtsoaren gorakadari eustea lortu dute. Hala eta guztiz ere, Baketiken ustez, gaur gaurkoz dugun erronka etiko nagusietako bat gure gizartean dugun aniztasunaren kudeaketa egokian datza; eta bereziki Islama ezagutu eta ulertzean berau  gure aniztasunaren zati onartzera iritsi gaitezen.


“Gu eta haiek” diskurtsoak zuzen zuzenean erasotzen du etikoa izan nahi duen gizartearen oinarrizko zutabea, gizaki ororen duintasuna absolutu  egiten duena alegia. Badago errespetua izatearen eskubidea sinestunaren erlijiora baldintzatzen duenik. Beharrezkoa dirudi, bidenabar, ondoko galderei banaka zein gizarte modura erantzuten saiatzeko behar adina denbora eta ahalegin eskaintzea: Zer da Islama gaur egun munduan eta gure gizartean? Zer dakigu eta zer ez Islamaz? Nola bizi dute gure bizilagun Islamiarrek zenbaitek beren erlijioa giza eskubideen aurkako ekintzak justifikatzeko erabili izana? Nola egin dezakegu gizarte bezala giza duintasuna absolutu etiko bezala eraikitzen jarraitzeko?

 


[“Haiek eta gu? Gure gizartea eta Islama: hausnarketa etikoak”. Maiatzak 7, 11:00etan, Donostiako San Telmo Museoan. Informazio gehiago]

Scroll to Top