Joseph E. Stiglitz ekonomia Nobelak ‘The Price of Inequality’ (Desberdintasunaren prezioa) bere lan interesgarrian dio lan egiten dugun moduaren arabera moldatzen dugula gure bizitza neurri handi batean. Galdera, zera da: nola egiten dugu lan?
Egungo kapitalismoak bere neurririk gorenera eraman du irabaziak bilatzeko grina, dena da libre dirua irazteko bada. Lan egiten dugu ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko, eta hori, berez, ez da kaltegarria edo txarra, baldin eta onartzen badugu merkatu-gizarte batean bizi garela. Baina, ez zaizue iruditzen askotan zenbait muga gainditzen ari direla?
Adibide batzuk jartzearren: zer sentitu edo pentsatu zuen lehentasunezko akzio deiturikoen baldintzak idatzi zituen hark, jakinik bankuei dirua 9.999. urtera arte edukitzeko eskubidea emateaz idazten ari zela?; edo zer pentsatzen dute gai fiskaletan adituak direnek pertsonei euren ondasunak ezkutatzeko gomendatzen dietenean?
Kode hauekin lan egiten badugu egunerokoan, ez al digu horrek lanetik kanpo ere eragingo? Nire ustez gainerako pertsonekiko gero eta ohikoagoa den errespetu falta bizi garen sistema ekonomikoak sortutako kutsaduraren adibide argia da. Halaber, pertsona askok, eta sarri oharkabean, euren laneko jarrerak lanetik kanpoko bizitzara zabaltzen dituzte eta, beraz, libre dute bizilagunak ez errespetatzea, baimendu gabeko lekuetan aparkatzea, zergak ordaintzea saihestea, beste pertsonak engainatzea… azken finean halaxe egiten baitute euren lanean ere. Posible al da printzipio etikorik gabeko langilea izatea goizez eta hiritar zintzo bat arratsaldez?
Iker Uson