Parte-hartze soziala beharrezko energia bake prozesurako

Egungo egoera asko hobetu da, hori objektiboa da. Garai berri baten aurrean gaudenaren ideia erabat sendotuta dago. Era berean, geroz eta pertsona gehiago jabetzen dira garai berri horrek bizikidetza berria sustatzeko probetxu atera behar zaion aukera bat zabaltzen duela.

Hala ere, itxaropenerako garai hori mehatxatua dago ez hainbeste bake prozesuan balizko atzerapauso bategatik bizitzen ari garen geldialdiaren kronifikazioagatik eta horrek ekar dezakeen hondatzeagatik baizik.

Egoeraren blokeo horrek prozesuaren gai nagusiei buruzko desadostasunekin dauka zerikusia. Gai hauen inguruan elkarrengandik urruntzen diren kuspegiak adierazten dituzte eragile politikoek, instituzionalek, nazioartekoek, sozialek, biktimen elkarteek eta baita zuzenean deitutako beste batzuek ere (ETAk zein preso dauden pertsonek).

Eszenategi horren aurrean, Baketik-ek gizartearen parte-hartzean jarri nahi du indargunea. Inkesta desberdinak ikusita, eremu politikoan desadostasuna dena gizartean ez dela hainbeste eta adostasunak ere hautematen direla ikus daiteke. Horregatik, Baketik-ek aukera hori esploratu nahi du, prozesuan parte-hartze zuzenerako bideak eskainiz gizarteari.

Baketik-ek bost gai nagusien inguruan prozesu parte-hartzaileak bultzatzea proposatu nahi du. Horien inguruko erantzunak klabeak izan daitezke egungo prozesuaren geldialdia gainditzen laguntzeko. Egungo blokeoak kokatzen diren funtsezko bost gaiak honakoak dira:

·Desarmea. Desarmea eta ETAren desegitea.

·Biktimak. Biktima guztientzako egia-, justizia-, eta erreparazio-politikak.

·Memoria. Edozein motatako indarkeriaren aurrean, iraganari buruzko memoria kritikoa.

·Presoak. Espetxe-politika eta bergizarteratze-politikak.

·Bizikidetza. Bizikidetzaren adiskidetzerako oinarrizko konpromisoak.

Gai sorta honen inguruan gizartearen iritzia ezagutzea ahalbidetuko duten prozesuak bultzatzea proposatzen die Baketik-ek eragile politiko eta sozial guztiei.

Baketik

Scroll to Top