Desberdintasuna bistaratzen duenean batek, agian koloreen bidez egingo du azkar. Gure solasaldietan sarri erabiltzen dugun bezala, zuria eta beltza desberdintasuna zer den islatzeko modu ona dira. Muturrak, punturik aldenduenak, desberdintasuna zertan datzan ikusteko aukera eskaintzen digute.
Gure egunerokotasunean, desadostasun-egoerekin topatzen gara behin eta berriz geure lanean, familian, lagunekin eta abar. Dena dela, lasaiago aztertzen badugu, ados egongo gara ez direla “zuri eta beltz” egoerak, zehaztugabekoak baizik, kolore berdin baten eskala gehiago, alegia.
Pentsa daiteke, beraz, zailtasun eskala batean, desadostasun mota hau teorikoki kudeatzea ez dela hain konplexua, aldez aurretik ez ditugulako sailkatzen ikuspegi kontrajarri edo “zuri eta beltz” bezalakoak. Hala ere, desadostasun horien kudeaketa, hasieran txikiagoak ikusten baditugu ere, praktikan ez da hain erraza, ñabarduren desberdintasuna dirudienaren atzetik benetako amildegiak ezkuta daitezkeelako.
Gure herrietan bizikidetza berreskuratzeko prozesuak aldez aurretik aurreikusten dena baino konplexuagoak dira beraz. Esate baterako, maila soziologikoan joera politiko bat nagusitzen den herri askotan prozesuetan parte hartzen dutenak, ideologian nahiko hurbil dauden neurrian, askotan segurutzat jotzen dute bizikidetza ez dela apurtu beren artean beste lekuetan bezala. Baina bizikidetzak pertsonarenganako errespetuzko printzipio etikoetara lotzen gaitu, eta ez hainbeste ideologia-hurbilpenera edo -urruntzera. Eta desberdintasunak uste dena baino handiagoak direla ikustea ahalbidetzen digu horrek.
Gure herrietan adiskidetzeak, bizikidetza berreskuratzea bezala ulertua pertsonaren errespetu absolutuan oinarritua, ez du kolorez ulertzen, jarrera hartze etikoez baizik. Horrela ez da egongo prozesu samurrik hurbiltasun politikoak handiagoak direlako, eta desadostasuna ez dugu ezta ulertu behar ere soilik muturreko koloreak bezala.
Iker Uson