2011ko urtarrilean Baketik-ek “Berradiskidetzerako Indarguneak” ekimena jarri zuen abian. Urtearen hasieran, geure gizartean bizikidetza- eta berradiskidetze-kultura berria bultzatzea helburu duen agiria aurkeztea da ekimenaren xedea.
Lehenengo agiriaren izenburua honakoa izan zen: “Berradiskidetze-prozesu bat modu partekatuan kokatzeko eta bultzatzeko oinarri-proposamena”. Eremu desberdinetara (politikoa, udal mailakoa, hezkuntza, elkarteak eta eguneroko bizitza) zuzenduak zeuden «Bost proposamen zehatz» izenburua zeraman “2012 indargunea”k. 2013koak aliantza estrategikoa proposatzen zuen Udalen eta ikastetxeen artean herri mailan bizikidetza bultzatzeko.
2014 Indarguneak aurten bereziki azpimarratu nahi dugun lehentasun batean jarriko du arreta, humanizazio-konpromisoa onartzeko eta partekatzeko funtsezko garrantzian. Hamarkadetan gure gizarteak gatazka suntsitzaile eta bortitza bizi ondoren, funtsezkoa da bizikidetza bultzatuko duen prozesu baten alde lan egitea non etikak eta demokraziak kudeatuko dituzten desberdintasun guztiak.
Bizikidetza berradiskidetuaren etorkizunarekiko konpromisoa orainetik eraiki behar da. Gaur egiten duguna, bihar iragana izango da. Horregatik, orainean aukera bikaina dugu iraganarekiko, helburu dugun etorkizunean aurrera egiteko. Elkargune eraikitzaile baterako aukera da humanizazioa. Iraganeko jarreren eta inertzien azterketa kritikoa egitea eskatzen du humanizazioak hamarkadetan eragindako minari eta sufrimenduari min eta sufrimendu gehiago ez gehitzeko. Bestetik, desberdinen aurrean sentikortasunez eta enpatiaz betetako begirada berria eratzea beharrezkoa du humanizazioak. Azkenik, borondate hori errealitatean gauzatzeko konpromiso zehatzak ere behar dira.
Ondorengo asteotan, txosten honen edukia aterako dugu lau ataletan banatuta blogean eztabaida sortu eta ekarriak jaso asmoz. Momentuz, pare bat galderarekin hasiko gara:
·Gaur egun, humanizazioak lehentasuna izan behar duela iruditzen al zaizu?
·Benetan, lehentasuna al da herritarrentzat?