Duela bi hilabete, Izeba Proiektutik komunikazio-kanpaina bat jarri genuen abian, proiektura pertsona edo familia boluntario berriak erakartzeko eta, aldi berean, gure lurraldean dauden tutoretzapeko neska-mutilen beharrizanei buruz sentsibilizatzeko.
Kanpaina honen baitan, ekintza asko burutu dira. Azaroaren 6ko hasierako prentsaurrekoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Diputatuak eta programan bizitako esperientzia partekatu zuen Izeba familia batek parte hartu zuten.
Bestetik, Seguran, Donostian eta Arrasaten egin diren hitzaldi informatiboak nabarmendu nahi ditugu, 40 pertsona baino gehiago bertaratu baitira. Hitzaldietan, Izeba familien, programatik pasatu diren edo parte hartu nahi duten gazteen eta harrera-etxeetako hezitzaile-taldeetako profesionalen testigantzak eta bizipenak jaso genituen.
Hilabete hauetan zehar, komunikabide askok eman dute proiektuarekin lotutako istorioen eta albisteen berri, Izeba familia desberdinek irratian, prentsan, telebistan eta beste hedabide digital batzuetan egindako elkarrizketei esker.
Izeba familia baten laguntza izateko zain dauden haur eta nerabeen beharrei erantzun ahal izateko, Baketik-en helburua zen kanpaina honekin 20 familia edo pertsona boluntario berri lortzea. Kanpaina hasi zenetik, 27 pertsona hurbildu dira Baketik-era programan interesa agertuz. Eta hainbat elkarrizketa egin ondoren, abenduaren 16an 22 lagunek parte hartu zuten proiektuaren boluntariotzaren hasierako prestakuntzan. Beraz, pozik esan dezakegu une honetan 21 pertsona edo familia ditugula prest Izeba Proiektuan mutil edo neska batekin mentoretza harreman bat martxan jartzeko.
Izeba Proiektutik oso positibotzat jotzen ditugu komunikazio-kanpaina honekin lortutako emaitzak. Izeba familia baten laguntza izateko zain dauden edo datozen hilabeteetan egongo diren neska mutilen beharrei erantzun ahal izateko ezarritako helburua lortu baitugu. Hori dela, eskerrak eman nahi dizkiegu proiektuan parte hartzera hurbildu diren pertsona guztiei.
Eta amaitzeko, Izeba Proiektuak duen balio nagusia azpimarratu nahi dugu: programako familia boluntarioak, berriz ere beraien eskuzabaltasuna erakutsi dute kanpaina honetan egin diren ekintza guztietan parte hartuz. Mila esker zuei guztioi!
Kristina eta Maite