Azken urteotan geroz eta gehiago hitz egiten da 2030 Agendari buruz, batez ere esparru instituzionaletan edo komunikabide batzuetan. 2015ean adostutako nazioarteko hitzarmen handi honek, 15 urtetan 169 helburu lortzeko xedea duena, eragile ezberdinen begirada erakartzea lortu du; batzuetan hau defendatzeko, eta besteetan, bere balioa zalantzan jartzeko.
Bi ikuspegietan aurkituko ditugu norberaren usteetatik partekatzeko eta gezurtatzeko moduko gaiak, baina ziurra da 2030 Agenda, nazioarteko konpromiso gisa (eta ondoren politika nazionaletan eta tokiko politiketan lurreratuta), hemen dela, eta urte batzuk gurekin gelditzeko etorri dela, gutxienez.
2030 Agenda zer den ondo ulertzeko, bere dimentsio errealei begiratzea garrantzitsua dela uste dugu: Agenda hau bide bat besterik ez da, ibilbide bat, lehentasunezkotzat hartuko diren aukera batzuk (beste hainbaten artean) markatzen dituena. Hala, urratsak sortzen jartzen du arreta, ez hainbeste helmugetan.
Agenda hau nazioartekoa da nabarmenki, eta logikoa da jende askok urruti sentitzea horregatik. Baina egia da baita ere Agenda hau errealitate ezberdinetan aplikatzeko moduan sortu dela, eta horrek aukera ematen duela agenda gure errealitateetara egokitzeko. Beraz, bai, mundu-agenda bat da, baina oso arazo lokalei ere erantzun diezaieke, harekin lan egiten den moduaren arabera.
Hala ere, 2030 Agenda bere osotasunean neurtzeko, bereziki ulertu behar dugu adostasunezko testua dela. Testu hau 193 herrialdetako ordezkariek onartzeko modukoa izan behar zuen, ideologia, begirada eta ulermen oso ezberdineko eta are kontrajarrietako pertsonek adosteko modukoa. Eta, beraz, gutxienekoen testua da, gutxieneko izendatzaile komuna. Baina, hori dela eta, lorpen handi bat ere bada, irizpide honetan oinarritua: adostasuna sortzea eta guztien konpromisoa bermatzea.
Begirada dikotomikoek edo bertsio bakar baten inposaketak oraindik pisu handia duen gizarte honetan, askotan zaila egiten zaigu adostasunez onartutakoaren balioa ulertzea, bira eta bira askoren ondoren lortu den horren indarra, zubiak sustatzen eta erkide duguna baloratzen laguntzen duten elementuen beharra.
Bistan da gutako bakoitzak Agenda diseinatu ahal izango balu, ehunka mila agenda desberdin izango genituzkeela. Baina 2030 Agenda honek, besteak beste, esparru erabilgarria eskaintzen du oinez hasi eta aldatu behar duguna aldatzeko.
Galdera da: eta 2030 Agendarik ez balego? Bada, oso litekeena da, halakorik ez balego, asmatu eta nazioarteko adostasun handiena lortzeko borroka egin behar izatea, gure politikak benetako garapen jasangarrian oinarrituko direla bermatzeko.
2030 Agenda ez da arazo guztien irtenbidea. Beste tresna bat besterik ez da, gure eskura dugun tresna bat, eta, zorionez edo ez, hainbat erakunde, eragile eta komunitatek partekatzen dute. Esan dezagun 2030 Agendak hizkuntza komun gisa balio digula: bakoitzak (erakunde, gizarte zibil edo beste eragile batzuk) identifikatzen gaituenari begiratuko diogu, baina posible da gure errealitateari egokituz gero, bakoitzak 2030 Agenda barnekoa baliozkotu, berretsi edo berritu ahal izatea.
Maider Maraña – Baketik
Colabora: Gobierno Vasco – Lehendakaritza