Argi dago. Sare sozialetan esatera ausartzen gara aurrez aurre esaten ausartzen ez garen hori. Zuetako asko ohartuko zineten askoz errazagoa dela ‘maite zaitut’ whatsapp-ez esatea (bihotz gorri handi eta guzti), aurpegira esatea baino. Eta agian, ez duzue frogatu, baina askoz errazagoa da norbait sareen bidez iraintzea parean duzunean iraintzea baino. Pentsa batere gogoko ez duzun pertsona hori aurrean duzula. Ausartuko al zinateke, Harkaitz Canok Twisten zioen moduan, “pentsatu baina esaten ez diren gauza” horiek esatera? Ez, ziurrenik. Aldiz, inongo leporatze edo zigorrik gabe eta anonimotasun osoz esan ahalko bazenitu? Ba agian animatuko zinateke “egia pare” bat botatzera. Irain, argumentu gabeko gorroto eta zinismo saltsatan ongi bustia dena, hori bai, pantaila baten bestaldetik. “Mundu guztiak egiten ez du ba”. “Ezingo ote dut ba nahi dudana esan? Non da nire adierazpen askatasuna?’” Eta bidean, nola ez, errespetua hil dugu. Askoz errazagoa baita gauzak espazio seguru batetik esatea, are dakigunean ez ditugula esandakoaren ondorioan jasan beharko (ez berehalakoan behintzat). Belaunaldi berria gara, 2.0 koldarrak gara; edo noski, 2.0 ausartak, nondik begiratzen den.
Naturak bi belarri eta aho bakar bat eman zizkigun; natura jakintsua da. Sareetan, kalean bezala, aho gehiegi dauden aldi berean hizketan (builaka), eta ondo entzun nahi duten belarrientzat zarata gehiegitxo dago.
Komunikazio bideak aldatu arren, elkarrizketarako arauek –(1) azaldu epaitu gabe, (2) entzun erantzun gabe, (3) galdetu ulertzeko, (4) gauza positiboak nabarmendu eta (5) bataren eta bestearen onena batu– balio beharko ligukete sare sozialetarako ere. Edo ahaztu egingo zaigu, benetan, nola egiten zen.