Duela aste gutxi itxi zen Alderdien Konferentziaren edizio berria, COP siglez ezagutzen dena, beste urte batez klima-aldaketaren arloko nazioarteko borrokaren erritmoa markatuko zuena. Hala ere, COP 27 hau baikor izateko aukera emango diguten akordio esanguratsurik lortu ez den beste edizio bat izan da.
Lanean jarraitu beharko dugu, klima-aldaketatik haratago klima-krisi baten aurrean gaudela agerian uzteko, eta ondorioz, hainbat mailatan jardun behar dugu eta erakundeen, politika eta enpresa esparruen eta gainerakoen konpromisoak askoz ere asmo handiagokoak izan behar dute.
Eta bakearen arloan? Askotan, bakearen kultura sustatzen lan egiten dugun erakundeetatik urrun ikusten ditugu klima-eremutik etor daitezkeen ingurumen-aldarrikapenak. Baina, pentsatu al dugu zer eragin izan dezakeen klima-krisi horrek gatazken ikuspegitik ere?
Harriet Mackaill-Hill-ek gogorarazi zigun bezala, “klimaren eta gatazkaren artean lotura zuzenik ez dagoen arren, eragiten dituen ingurumen-presioak mehatxu-biderkatzaile bat dira, eta, ondorioz, tentsioak areagotu egin daitezke, bai lurra, ura, elikagaiak edo biziraupen-baliabideak eskuratzeagatik”. Eta, hala eta guztiz ere, egun horietako COP27ko agendari errepaso azkar bat eginda, ikusiko dugu gatazken gaia ez dela lehentasunezkoa. Hala, ez dugu datu argirik ere klima-arazoek nola sortzen dituzten gatazkak (adibidez, errefuxiatu klimatikoen krisia, erantzun koordinatua bideratzen laguntzeko kopuru errealik ez baitugu), ezta klimaren arloko prebentzio-ekintza batek bake jasangarria lortzen nola eragin dezakeen ere, esaterako.
Alde horretatik, asko hitz egiten da klimak gure lurralde hurbilenean eta itsasoak baino haratago dauden tokietan eragiten dituen aldaketei buruz. Ia edonork izenda ditzake ondorio batzuk: tenperatura igotzea, ura kutsatzea, animalia- eta landare-espezieak galtzea, desertifikazioa edo itsasoaren maila igotzea. Baina, oro har, inpaktu horietan oinarritzen diren begiradak izaten jarraitzen dugu, eta, gainera, “saihestezinaren begiradatik” argudiatzen dira; izan ere, erantzukizuna bilatu eta bideak identifikatu beharrean, kaos sentsazioak sortzen ditu, eta egungo klima-krisia geldiarazteko eta beste bide batzuen alde egiteko formulak ikusezin bihurtzen ditu.
Gero eta ahots gehiagok eskatzen dugu krisi klimatikoa giza eskubideen ikuspegitik aztertzeko: ulertu behar dugu zer eragin duen munduko krisi horrek komunitateen bizitzan, eta, era berean, zehaztu egin behar dugu agintariek eta gobernuek proiektatu eta ezarritako neurriek giza eskubideen inguruan adostutako estandarrak betetzen dituzten edo, aitzitik, lehendik dauden gizarte-arrakalak larriagotzen ari diren. Hau da, erantzun klimatikoei ere bake iraunkorraren ikuspegitik heldu behar diegu.
Krisi hau globala da, munduko eskualde guztiei eragiten dien neurrian, planeta honetan bizi den pertsona orori. Baina krisi espezifikoa ere bada, denoi berdin eragiten ez diguna eta pertsona eta komunitate askoren arrakalak eta erresilientzia-gaitasunak areagotzen ari dena. Krisi klimatikoak guztiok baldintzatzen gaitu, baina krisi horrek berak ez ditu berdin-berdin inausiko pertsona bakoitzaren etorkizuneko aukerak.
Beraz, ikuspegia aldatu behar dugu, klima-krisiaren ondorioei eskubideen ikuspegitik begiratzeko beharra areagotu, eta aurre egin beharreko ondorio saihestezintzat hartzeari uko egin. Krisi klimatiko hori berehalako mehatxu garrantzitsua da, transzendentala, eta horrek zaildu egingo du —edo are ekidin— gutako askoren giza eskubideak gauzatzea. Horregatik, klima-krisiaren arloan erantzukizunak sortu behar ditugu, eta dauden desberdintasunak eta diskriminazioak ez larriagotu. Azken batean, krisi honi ingurumen-justiziaren betaurrekoekin begiratu behar diogu.
Maider Maraña – Baketik
Laguntzailea: Eusko Jaurlaritza – Lehendakaritza