BIDEOKLUBA

Baketikek norbere buruarekin eta besteekin etikoki bizitzeko borrokarekin zerikusia duten pelikula eta dokumentalen bideoteka bat sortu du. Helburu pedagogikoa, eta ez komertziala, dauka, soil-soilik. Eskatzen duen edonori mailegatzen dizkio pelikulak Baketikek: hezkuntza zentroak, aisialdi taldeak, parrokiak, GKEak, elkarteak, familiak, lagun taldeak… Pelikula bakoitzak gida didaktiko labur bat dakar berekin, edukiari buruzko analisi eta hausnarketa laguntzeko asmoz. Gida hauetako bakoitzean pelikula ikusi duen Baketikeko kolaboratzaile batek bi atal egiten ditu: «gaiak» eta «pelikula ikusi aurretik eta ondoren». Pertsona honek pelikula hau ikusteko egiten digun iradokizuna da. Kolaboratu nahi baduzu, gustatu izan zaizkizun pelikulen iritziak helaraztera gonbidatzen zaitugu.

BILAKETA ZEHATZA

12 años de esclavitud

Jatorrizko izenburua: 12 Years a Slave (Twelve Years a Slave)

Urtea: 2013

Iraupena: 133 min.

Herrialdea:

Zuzendaria: Steve McQueen

Aktore-zerrenda: Chiwetel Ejiofor, Michael Fassbender, Lupita Nyong'o, Paul Dano, Benedict Cumberbatch, Paul Giamatti, Sarah Paulson, Brad Pitt, Alfre Woodard, Adepero Oduye, Chris Chalk, Garret Dillahunt, Dwight Henry, Scoot McNairy, Taran Killam, Michael Kenneth Williams, Ashley Dyke, Quvenzhané Wallis, Rob Steinb

Ekoizpen-Etxea: Summit Entertainment / Plan B / River Road Entertainment / New Regency Pictures / Film4

Sinopsia
1850eko gertakari erreal batean oinarrituta, Solomon Northupen istorioa kontatzen du, New Yorken bizi zen musikari beltz kulturadun bat. Bi gizonekin kopa bat edan ondoren, drogatu eta bahitu egin dutela ikusten du Solomonek, Louisianako plantazio baterako esklabo moduan saldua izateko. Bere inguruko guztiek, indarkeriaren eta desesperazioaren aurrean amore ematen dutela ikusten du, baina berak ez du etsitzen, eta une egokiaren zain egotea erabakitzen du, askatasuna lortu eta bere familiarekin itzuli ahal izateko.

Gaiak
Esklabotasuna, Ardura, Kultura

Esklabotasuna. Filma AEBetako esklabotasunaren garaiko gertakarietan oinarritzen da. Testuinguru horretan, arrazismoa lege zenean, beltzak merkantzia eta jabetza bezala tratatuak ziren, ez pertsona bezala.
Ardura. Bidegabekeria larrien aurrean, pertsonaiek jarrera desberdinak hartzen dituzte euren arduraren arabera: zuriak zalantza etikoetan edo haien guztizko gabezian galtzen dira, biktimek euren egoera nola hobetu dezaketen pentsatzen duten bitartean.
Kultura. Protagonistak idazten, irakurtzen eta biolina jotzen daki eta, orokorrean, badaki zuriek nola ikusten duten mundua. Filmean ikusiko ditugu beste beltz batzuekiko desberdin egiten duten ezaugarri hauen ondorioak zeintzuk diren.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik


·Esklabotasunari buruz.
Ezagutzen dugu esklabotasunaren historia? Zer ondorio eragin ditu gure garaian? Uste duzu gaur egun badela esklabotasunik?
·Ardurari buruz. Esplotazio egoera batean, norberak al dauka bere bizitzaren ardura? Menpekoak aukeratu al dezake ezer? Esplotatzaileek eta esplotatuek ardura bera al dute?
·Kulturari buruz. Zer da zuretzat “kulturaduna” izatea? Zer ikasi behar dugu bizitzari aurre egiteko?

…pelikula ikusi ondoren

·Testuinguru historikoa errealista iruditu zaizu? Uste duzu gaur egun dagoen arrazismoak zerikusirik duela garai hartako arrazismoarekin?
· Uste duzu filmeko beltzek euren jabeei aurre egin beharko lieketela? Zer ondorio izango lituzke horrek? Zergatik uste duzu men egitea aukeratzen dutela? Patsyren jokabidea ulertzen al duzu? Zeintzuk dira bidegabekeria horren arduradun? Gaur egun, zuriek onartzen al dituzte arrazismoaren gainean duten ardura?
·Nola laguntzen edo eragozten dio Solomoni zurien kultura ezagutzeak? Beltzen kulturako zerk eman dizu atentzioa? Gaur egungo adierazpen artistikoetan ikusten al dituzu ezaugarri horiek?

Maialen Lizarralderen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu



Gaztelania, Duintasuna eta giza eskubideak, arrazismoa eta xenofobia, justizia, Batxilergoa, Helduak