BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

“En la diana. Hurrengoa zu” erakusketaren aurkezpena

2023-02-06

“En la diana. Hurrengoa zu. Mehatxu larriak eta jazarpen indarkeria Gipuzkoan (1975-2011)" erakusketa apirilaren 5a arte egongo da ikusgai Aieteko Kultur Etxean (informazio gehiago


Dianak ohikoak ziren gure hirietako kaleetako hormetan; pintada kriminatzaileak leku desberdinetan errepikatzen ziren. Indarkeriaren errealitateak askotarikoak izan dira gure inguruan, eta oraindik ere haren dimentsio guztiak lantzen jarraitu behar dugu, baita gizartean izan duen eragina ere.

Erakusketaren izenburuan, argi genuen gure bizitzan hainbat hamarkadetan presente izan ditugun hitzak erabili nahi genituela. Atzera begiratuz, egungo begiradatik ikusita, arrotz edota arraro izan badaiteke ere, dianen egunerokotasuna edota bestearen akusazioa era organiko batean bizi genituen gure errealitatean.

Aitortzan sakonduz

Azken hamarkadan aurrerapauso handia eman dugu Euskal Herrian, eta Gipuzkoan zehazki, bizi izandako indarkeriarekiko gerturapenean: hainbat instituzioetatik, baina baita ere udal mailatik, bizi izandako giza eskubideen urraketen inguruko ikerketak bideratu dira eta geroz eta maizago biktimekiko gerturapen eta aitortzak ikusi izan ditugu.

Azken urteotan indarkeriaren biktimak aitortzeko sustatu diren ekintza horiek indarkeriaren ondorioak eta giza eskubideen urraketek eragiten duten mina behar bezala ezagutzea bultzatzen dute. Ezin bestela izan, bizitzeko eskubidearen biktimei eta osotasun fisiko, psikiko eta moralaren aurkako erasoen biktimei arreta berezia eskaini zaie aitortza horietan.

Urraketa horiek ezagutu ondoren —eta kontuan izanda oraindik lana dagoela pertsona guztien aitortzak bermatzeko—, aurrera joan behar dugu, eta ezagutu ditugun giza eskubideen urraketa larriei ere begiratu behar diegu, errealitate ugari azaltzen dizkigutenak:


Jazarpen-indarkeriaren ikerketa

Gipuzkoako Foru Aldundiaren gonbiteaz landutako erakusketarako urtebete baino gehiago eman dugu Baketikeko lankideok ikerketa lanetan: erakusketak egin duena izan da jazarpen biolentziaren inguruan egun dauden analisi eta ikerketa lanak bildu, bateratu, eta biolentzia mota honen lanketa orokorra eta ahalik eta borobilena egin.

Baketik-entzat ez da erraza izan emaitza hori sortzea: jazarpen-biolentzia oraindik ez da behar bezain ezaguna, herritarrek ez dakite noraino iritsi zen, eta, batez ere, indarkeria hori dokumentatzea oso zaila da. Datu errealistak lortzea utopia bat izaten da maiz. Eta oraindik errealitate asko falta dira ezagutzeko, ezin izan baitira erakusketa honetan sartu.

Indarkeria horrek kalte iraunkor oso nabarmenak eragin dizkiete hau pairatu zuten pertsonei, haien familiei eta haien inguruari. Era berean, esan nahi dugu jazarpen-biolentzia hainbat pertsona, erakunde eta kolektibok erabili dutela, garaiaren eta testuinguruaren arabera. Horregatik, bai Baketik-etik, bai Foru Aldunditik planteatu nahi dugu jazarpen-indarkeria guztia erakusketa bakar batean sartzea ezinezkoa dela: biktima adina kasu daude.

Hori dela eta, erakusketa hau gonbidapen bat da, lehen urrats bat, indarkeria hori gure gizartean ere ezagutu eta ezagutarazteko. Oraindik lan handia egin beharko dugu, lurralde mailan eta tokian tokiko erakundeetatik, gure kaleetan pairatu den jazarpenaren ikusaraztea eman dadin.

Bizipenak entzun hausnarketa bultzatzeko

Argi utzi nahiko genuke gure helburua izan dela ere ikusarazte hori errealitate hauen protagonista izan direnen parte hartze eta protagonismotik egitea. Erakusketan zehar hainbat pertsonen testigantza dago eta eskuzabaltasunez bere hitzak gurekin partekatu dutenen begirada bereganatu ahalko dugu. Mila esker zuen ahotsarekin parte hartu duzuen guztioi.

Beraz, erakusketaren esperientzian zehar, arreta beren bizipenak konpartitzen dituzten pertsonen testigantzetan jartzera gonbidatzen zaituztegu, bizitakoa entzun eta ulertzeko gai izan gaitezen.

Eta, gainera, datuen eta bizipenen gordintasuna planteatzeaz gain, jazarpen-indarkeriaren ondorioak azaltzeaz gain, erakusketak badu azken zati bat, benetan sinesten dugun zati bat, biktimen erresilientziari heltzen diona. Gizartea, oro har, baina, batez ere, egunero jazarpen mota hori jasaten zutenak, askotan gai izan da giza eskubideen urraketa horiei erantzuteko, indarkeriaren aurrean beste ikuspegi eta aukera batzuk eskaintzeko. Biktima askok egin duten ibilbideak indartu egin dituzte.

Omenaldi xumea

Horregatik guztiagatik, erakusketa hau mehatxupean sentitu zen pertsona orori egindako aitorpen eta omenaldi txiki bat da. Gurean hamarkadetan zehar sufrimendu hauen pean egondakoei errekonozimendu bat izan nahi dute baliabide horiek.

Hamarkada horietan zuen bizipen pertsonala baloratzen laguntzera gonbidatzen zaituztegu erakusketa honekin.


Maider Maraña - Baketik Fundazioa

Parekatu