BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Geldiuneak aprobetxatu

2018-08-15

Abuztu honetan geldiune bat egiteko aukera duzuenentzat proposamen bat dakargu oraingoan: aprobetxatu geldiunea pazientzia lantzeko. 


Desafio, zailtasun eta sufrimendu ez-patologikoei konstruktiboki ekiteko gizakiak daukan tresna nagusia da pazientzia. Gure gatazkak etikoki lantzeko ezinbesteko tresna zaigu, eta alderdi pasibo eta aktibo bat ditu: atsekabeari aurre egiteko eustea (pazientzia pasiboa) eta irautea (pazientzia aktiboa). Bizitzako alderdi ia guztietan egin dezakegu porrot pazientziaz ongi horniturik jarduten ez badugu. Luzaroan itxaroten jakitea eskatzen du pazientziak, eta itxaropenez irautea. 


Oporren geldiuneak pazientziaren alderdi pasiboa lantzen lagun gaitzake, eta hainbat modu daude geure buruak entrenatzeko. Horietako bat, ekintzaren bat aukeratu eta ahal bezain astiroen egitea da. Zaila dirudi, ezta? Kontenplazioa litzateke beste modu bat:  zerbait edo norbait pasiboki behatu, epaitu gabe, ezer espero gabe. 


Gure egunerokotasunen erritmo frenetikoan eta emaitza zehatzak izateko beharrean parentesi bat egitea da gakoa. Gerora izango ditugun haserrealdi, ezinegon, sumindura eta oztopoak beste sosegu batekin hartzea ahalbidetuko digu. Ikasturtea pazientziaz ondo hornituta hastea ez dago gaizki, ezta?

Parekatu