BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Atzo une berezia bizi izan nuen

2012-11-28

50 metrotara, milaka lagun Realaren eta Cordobaren arteko kopako partida ikusten ari ziren Anoetan. Ordu berdinean, Craj-eko areto batean, Izotz Jauregiaren ondoan, berradiskidetze-prozesuei buruzko ikastaro batean elkartuta geunden 40 lagun. Ezin izan nuen bete egitaraua. Neure azalpenen ostean, solasaldia nagusitu zen aretoan. Une berezia bizi izan genuen.

Duela 19 urte Andaluziatik Euskadira iritsi zen emakume batek bere beldurrak eta zalantzak adierazi zituen. Batek baino gehiagok erreplikarako gogoa izango zuen baina inork ez zion ezer eztabaidatu. Ondoren, 12 urtez eskoltarekin bizi izan den zinegotzi batek bere errealitatearen berri eman zuen. Ez zion inork erantzun.

Beste lagun batek Francok Donostia bisitatu eta bere aitak ezkutatu behar izaten zueneko bere haurtzaroko oroitzapenen berri eman zuen. Bere hitzek ere ez zuten kontrakorik entzun. Bahitua eta hil arte torturatua izan zen gazte baten arrebak bakerako testigantza eman zuen. Arretaz entzun zitzaion.

Gaztetan ETAren biltze-estrategiak pairatu zituela kontatu zuen beste norbaitek. Burgostik etorritako beste gizonezko batek geure gizartean nola integratu den adierazi zuen. Neska batek alderdi politiko desberdinetako gazteekin Irlandara egindako bidaiak berarentzat esan nahi izan zuena azaldu zuen. Horrelako beste hitz espontaneo gehiago egon ziren. Batek ere ez zuen erreplikarik izan.

Testigantzak eztabaidatzen diren ehundaka bileretan parte hartu izan dut adierazteko moduak zauriren edo bidegabekeria-sentimenduren bat ukitzen digulako. Atzo ez. Testigantzak elkar kontrajarri gabe entzun ziren. Errealitate guztia islatzen ez duen baina horren zati baten islada leiala den argazkia bezala onartu ziren.

Azken hamarkadetan, indarkeria, giza eskubideen urraketak, zatiketa, krispazioa, beldurrak, mesfidantzak eta abar etengabeak izan dira. Gizarte eta politika mailan baldintzatu gaituen historia traumatikoa bizi izan dugu. Baldintzapen hori gainditzen saiatzen da berradikidetzea.

Egon izan garen tokiaren arabera, modu desberdin batean baldintzatu gaitu. Atzo, testigantzaz testigantza, hori zein puntutaraino den erreala egiaztatu ahal izan genuen. Epaitu gabe eta sufrimendu bat bestearen aurrean jarri gabe entzun genuelako egin ahal izan genuen. Horrelako zerbait egongo da bakerako bizikidetza-kultura berri baten atarian.

Amaieran, pozik atera ginen ikastarotik berrogei lagunak. Bizitzako paradoxak, partida ikustetik buru makur ateratzen ari ziren milaka lagunekin egin genuen topo, Reala ez zen sailkatu. Errealitatea modu desberdinean ulertzera eramaten gintuzten bizipen desberdinak eduki genituen.

Jonan Fernandez

Parekatu

Pello Zabala Bengoetxea

2012-12-05 19:06:05

Jonan ta Pili, eskerrak bioi! 

Arrazoi duk, Jonan. Nolako giro sendo ta gizena sortzen den hain barruko kontuak, halaxe bizitakoak, azaltzen direnean. Eta barnekoenak, nola bizi izan diren usnatzen ditugunak, halako isiltasun errespetu betekoan, elkarrekin entzutean, nola sortzen diren gure baitan 'otoitzik' ederrenak. Otoitz esanda, badirudi  beste eliz kontuetakoak bakarrik ezagutzen ditugula... ez, ez. Piliren galdera horiek daukaten otoitza baino osoagorik gutxi dago. Otoitz hitzak guri formula ekartzen digu akordura... Ez, inongo formuletara iritsi ere ezin den sentimentu ta sentsazio mingarri kostoso erantzunbako horiek dira otoitz ederrena. Nola betetzen duten, ezta, Pili? Edo, hustutzen, beste batzutan? Baina, geure geureena den 'argitxo' edo 'printz' barneko bizi isilen horrekintxe jartzen gaitu aurrez aurre... eta, zer da 'jainko' esaten diogun bizi-printz hori, ba?

Barkatu, hasi banaiz hasi, norabaiteraino joan naizelako. Baina, biok eraman nazute nire barneko txoko bakarti horretaraino, eta zuen barne-giro gizen ta lodi horretan otoitzean jarri nauzue. Eskerrik asko! 

Jonan

2012-12-05 11:37:31

Mila esker, zuri, Pili. Guk zurekin asko ikasi dugu.

Pili Zabala

2012-11-30 09:45:41

Eskerrik asko Jonan erakusteagatik giza duintasunak duen balioa. Nik Joxi eta Joxeanena gertatu zenetik gutxitan kontatu dut nire samina eta zein injustiza larria bizi izan genuen urte haietan, zergatia zen askotan entzuten nuelako besteen ahotsetatik:"zerbait egingo zuten Joxi eta Joxean" tokatu zaiena jasotzeko. Gupida gabeko iritzi horiek jasan ezin nuenez gertera traumatiko horri buruz ez hitz egitea erabaki nuen. Gero, beste aldetik, genituen gure alde edo behintzat ukertzen gintuzten gizarte sektore bat " ezker abertzalekoa", baina ni ez nintzen eroso zentitzen giro horretan, are gutxiago manifetetara, garai haietan, joaten ginenean nik ez nuen esan nahi "Gora ETA" eta hainbeste eslogan ez nituelako nire barnean sentitzen. Bakarrik ados nengoen " Gora Joxi eta Joxean " esaten zenean. Nik orduan Giza Duintasunaren kontzeptoa ez nuen ezagutzen baina barnean sentitzen zerbait zen. Ez nion inongo justifikaziorik topatzen edozein hilketa motetarako, baina, noski, are justifikazio gutxiagorik Joxi eta Joxean bahitu, desagertu eta ia 12 urtetan beraien berri eduki gabe egotea ohitzea normaltzat hartuta. Urte luze horietan nire buruari galdera asko egiten nizkion: Zergatik sartu zen Joxi ETA-n? Zergatik hildakoak merezi dute arreta desberdina jendeengan? Zergatik Politikari korrupto batzuei sinisten die jendea?

Nire bizitza erreza ez da izan, ikasi behar izan dut nire burua aztertuz zein gauza joaten zaizkidan ondo eta zein bide baztertu behar ditut. Gauzak gordetzeko pertsona naiz eta nire sentipen intimoak kontatzeko ez nuen nire burua gai ikusten. Horregatik, 2011-ko Abendua 6-a ez dut ahaztuko Arantzazura zuekin Sufrimenduari buruz ikastaroa egitera joan nintzenean, zuekin egun horietan ikasi nuena erabakigarria izan da nire etorkizunerako. Orduan hasi nintzen ulertzen Giza Duintasunaren kontzeptua eta betidanik sentitu dudala nabaritu. Zeren, niretzat, aspaditik eman behar izan ziren sufrimendu testimonio trukaketa horiek, baliogarriak dira konturatzeko bizitza honetan denok sufritzen dugula, nahiz eta Giza Urraketaren larritasuna desberdina izan kasu batzuetan besteetan baino. Beno, jarraituko gauzak esaten baina Zumaira noa korrika eta gero Tolasara Alkatearekin hitz egitera Kanposantuan aurreproiektu bat omen daukatelako.

Besterik gabe eta esanda bezala MILA ESKER DENAGATIK eta jarraitu horrela zuengandik asko ikasi daiteke eta.

Pili Zabala Artano