BIDEOKLUBA

Baketikek norbere buruarekin eta besteekin etikoki bizitzeko borrokarekin zerikusia duten pelikula eta dokumentalen bideoteka bat sortu du. Helburu pedagogikoa, eta ez komertziala, dauka, soil-soilik. Eskatzen duen edonori mailegatzen dizkio pelikulak Baketikek: hezkuntza zentroak, aisialdi taldeak, parrokiak, GKEak, elkarteak, familiak, lagun taldeak… Pelikula bakoitzak gida didaktiko labur bat dakar berekin, edukiari buruzko analisi eta hausnarketa laguntzeko asmoz. Gida hauetako bakoitzean pelikula ikusi duen Baketikeko kolaboratzaile batek bi atal egiten ditu: «gaiak» eta «pelikula ikusi aurretik eta ondoren». Pertsona honek pelikula hau ikusteko egiten digun iradokizuna da. Kolaboratu nahi baduzu, gustatu izan zaizkizun pelikulen iritziak helaraztera gonbidatzen zaitugu.

BILAKETA ZEHATZA

Handia

Jatorrizko izenburua: Handia

Urtea: 2017

Iraupena: 114 min.

Herrialdea:

Zuzendaria: Jon Garaño, Aitor Arregi

Aktore-zerrenda: Joseba Usabiaga,  Eneko Sagardoy,  Ramon Agirre,  Iñigo Aranburu,  Aia Kruse, Iñigo Azpitarte.

Ekoizpen-Etxea: Irusoin / Kowalski Films / Moriarti Produkzioak.



Sinopsia
Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia Joakin ohi baino askoz ere handiagoa dela aurkituko du. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote, Europan zehar. Bidean, handinahiak, diruak eta ospeak betiko aldatuko dute familiaren patua. Benetako gertakarietan oinarritutako istorio bat.

Gaiak: Aldaketa, desberdintasuna, mitoa
Aldaketa. Batetik mundu zaharraren eta berriaren arteko tentsioaren isla da filma. Bestetik familia batek bizi dituen aldaketak ere irudikatzen ditu, Joakin eta Martin anaien eraldaketa prozesua hain zuzen ere. Anai bat aurrerakoia da baina fisikoki gorputzak ez dio laguntzen. Bestea tradizionala izanik etengabe hazten ari da eta ezin ditu baserriko ohiturak jarraitu.
Desberdintasuna. Desberdina izateak gizarteratzeko sorrarazten dituen arazoak azter litezke film honen bidez.
Mitoa. Errealitatea eta mitoaren arteko talka irudikatzen du filmak, nola bilakatzen diren kondaira egiazko gertakariak, haiek eraldatuz eta puztuz.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
·Aldaketari buruz: zer iradokitzen dizu filmaren azpitituluak “inor ez da etengabe hazten”?
·Desberdintasunari buruz: desberdina dena errespetatzen dugu? noiz bai? eta noiz ez? zergatik?
·Mitoari buruz: zergatik eraldatzen ditu gizakiak gertakari errealak, haiek mito eta kondaira bihurtuz?


…pelikula ikusi ondoren
·Nolakoa da Joakin pelikularen hasieran? Eta bukaeran? Non kokatuko zenuke inflexio puntua? Nolakoa da Martin pelikularen hasieran eta bukaeran? Martinek Joakinen ibilbide bera egiten al du? Nolakoa da bien arteko harremana?
·Desberdina izateak nola eragiten dio Joakini? Onurak edo desabantailak ematen dizkio? Nolakoa da Martinen jarrera berekiko? Eta Arzadunena? ·Pelikularen zein momentutan nahasten dira errealitatea eta fikzioa?



Deskargatu gida didaktikoa

Hizkuntza: euskara, gaztelania

Gaiak: duintasuna eta giza eskubideak, sentimenduak eta harremanak, desberdintasuna

Adina: Batxilergoa