BIDEOKLUBA

Baketikek norbere buruarekin eta besteekin etikoki bizitzeko borrokarekin zerikusia duten pelikula eta dokumentalen bideoteka bat sortu du. Helburu pedagogikoa, eta ez komertziala, dauka, soil-soilik. Eskatzen duen edonori mailegatzen dizkio pelikulak Baketikek: hezkuntza zentroak, aisialdi taldeak, parrokiak, GKEak, elkarteak, familiak, lagun taldeak… Pelikula bakoitzak gida didaktiko labur bat dakar berekin, edukiari buruzko analisi eta hausnarketa laguntzeko asmoz. Gida hauetako bakoitzean pelikula ikusi duen Baketikeko kolaboratzaile batek bi atal egiten ditu: «gaiak» eta «pelikula ikusi aurretik eta ondoren». Pertsona honek pelikula hau ikusteko egiten digun iradokizuna da. Kolaboratu nahi baduzu, gustatu izan zaizkizun pelikulen iritziak helaraztera gonbidatzen zaitugu.

BILAKETA ZEHATZA

La vida de calabacín

Jatorrizko izenburua: Ma Vie De Courgette

Urtea: 2016

Iraupena: 66 min.

Herrialdea:

Zuzendaria: Claude Barras

Aktore-zerrenda: Animazioa / Animación

Ekoizpen-Etxea: Coproducción Suiza-Francia; Rita Productions / Blue Spirit Animation / Gébéka Films


Sinopsia

Kalabazin mutiko ausarta da; ama galdu ondoren, harrera-etxe batera joan behar du bizitzera, bere adineko umezurtz gehiagorekin batera. Hasieran, etsai-giro horren guztiaren erdian, bere tokia topatzen saiatzen da. Bere lagun berrien laguntzarekin, ordea, Kalabazinek konfiantza izaten ikasten du eta benetako maitasuna eta familia berri bat aurkitzen ditu. 

Gaiak: Abandonua, adiskidetasuna, familia
Abandonua
. Filmak protagonista desberdinen abandonu istorioak kontatzen dizkigu eta konfiantzaren eta maitasunaren garrantziaz, hari aurre egin ahal izateko.
Adiskidetasuna.
Istorioak erakusten digu nola sortzen den, enpatiaren bitartez, harrera etxean bizi diren neska-mutikoen arteko adiskidetasun harreman indartsua eta nola bihurtzen diren, bata bestearentzat, babes eta helduleku.
Familia.
Familiaren kontzeptua odol-loturetatik harago doan zerbait da, eta gure protagonistek lehen pertsonan bizi dute irakaspen hori. 

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

·Abandonuari buruz: Uste duzu abandonua eta bakardadea sinonimoak direla? Sentitu al daiteke bat abandonatua inguruan familia eta jendea izan arren? Zer uste duzu behar duela abandonatutako haur batek hala ez sentitzeko?
·Adiskidetasunari buruz: Zer da zuretzat lagun ona izatea? Zer ezaugarri bilatzen dituzu lagun batengan? Familiartekoak ere izan al daitezke gure lagun?
·Familiari buruz: Zer familia eredu ezagutzen dituzu? Entzun duzu familia harrerari buruzko konturik? Ezagutzen duzu harrerako familiarik?

…pelikula ikusi ondoren
·Simoni MP3 bat oparitzen dio amak. Zergatik uste duzu ez diola ilusiorik egiten? Zer da benetan faltan botatzen duena?
·Nolakoa da Kalabazin eta Simonen arteko harremana elkar ezagutzen dutenean? Eta amaieran? Zer aldatzen da beraien artean?
·Nola deskribatuko zenuke Remon? Eta izeba Camille? Zertan desberdintzen dira? Zergatik jarraitzen du Remonek Kalabazin bisitatzen harrera etxean? Zergatik egiten du negar Camillek film amaieran?


Gida didaktikoa deskargatu

Sentimenduak eta harremanak, adiskidetasuna, familia
Lehen hezkuntza, Bigarren hezkuntza, Batxilergoa