BIDEOKLUBA

Baketikek norbere buruarekin eta besteekin etikoki bizitzeko borrokarekin zerikusia duten pelikula eta dokumentalen bideoteka bat sortu du. Helburu pedagogikoa, eta ez komertziala, dauka, soil-soilik. Eskatzen duen edonori mailegatzen dizkio pelikulak Baketikek: hezkuntza zentroak, aisialdi taldeak, parrokiak, GKEak, elkarteak, familiak, lagun taldeak… Pelikula bakoitzak gida didaktiko labur bat dakar berekin, edukiari buruzko analisi eta hausnarketa laguntzeko asmoz. Gida hauetako bakoitzean pelikula ikusi duen Baketikeko kolaboratzaile batek bi atal egiten ditu: «gaiak» eta «pelikula ikusi aurretik eta ondoren». Pertsona honek pelikula hau ikusteko egiten digun iradokizuna da. Kolaboratu nahi baduzu, gustatu izan zaizkizun pelikulen iritziak helaraztera gonbidatzen zaitugu.

BILAKETA ZEHATZA

80 egunean

Jatorrizko izenburua: 80 egunean

Urtea: 2010

Iraupena: 105 min.

Herrialdea:

Zuzendaria: Jon Garaño, Jose Mari Goenaga

Aktore-zerrenda: Itziar Aizpuru, Mariasun Pagoaga, José Ramón Argoitia, Ane Gabarain, Zorion Egileor, Patricia López

Ekoizpen-Etxea: Irusoin/ Moriarti Produkzioak

Sinopsia
Axun, 70 urteko emakumea, alabaren senar ohia zaintzera joango da ospitalera. Bere ezusterako, ondoko gaixoa zaintzen duen emakumea Maite da, nerabezaroko lagun mina, 50 urte luzetan ikusi ez duena. Gaztetan zuten kimika oraindik bizirik dagoela somatuko dute berehala. Axolagabe gozatu eta dibertitzen dira elkarrekin, Axun, Maite lesbiana dela jabetzen den arte. Bere sentimenduak dudan jarriko ditu Axunek: zer jarraitu, burua edo bihotza?

Gaiak
Zalantzak, homosexualitatea, zahartzaroa

Zalantzak. Bere zalantza, beldur eta aurreiritziei aurre egin behar dien emakume baten prozesu intimo eta pertsonala aurkezten digu pelikulak. Bere motibazioa lekuz kanpo dago bizi den munduan. Erakartzen duen horrek kontraesana sentitzera darama.
Homosexualitatea. Urte gutxitan gizartea asko eraldatu eta ireki den arren, sexu bereko bikoteak oraindik ez daude normalizatuta gizarteko kolektibo guztietan.
Zahartzaroa. Hirugarren adina bizitzeko hainbat modu daude. Dagoeneko bizitakoari, errutinei eta ohiturei hel diezaiekegu edo esperientzia berriei ilusioz ekin.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik


·Zalantzei buruz: Zer da norbere buruarekin gatazka bat izatea? Nola hartzen ditugu erabakiak, buruarekin edo bihotzarekin? Barruak esaten digunari kasu egiten al diogu? Norbere buruarekiko lehiala izan gabe zoriontsu izan al gaitezke?
·Homosexualitateari buruz: Pertsona baten identitate edo aukera sexuala jaiotzetik zehaztua egoten al da?
·Zahartzaroari buruz: Adindun garenean jakintsuagoak al gara? Gaztetako akatsak saihesten al ditugu? Noiz hasten da zahartzaroa?

…pelikula ikusi ondoren

·Nolakoa da Axunen mundua? Eta Maiterena? Nolakoa da Axunen eta Maiteren arteko harremana? Zer sentitzen dute elkarrekiko? Zer esan nahi dute Axunek irlan Maiteri esandako hitzek? «Asko gustatzen zait nolakoa naizen zurekin nagoenean. Ni ez banintz bezala sentitzen naiz baina aldi berean ni sentitzen naiz erabat».
·«Oso galduta nabil, oso nahastuta» esaten dio Axunek Juliani kontzertu irteeran. Zer gertatzen zaio Axuni? Lortzen al du Axunek bere sentimenduak ulertzea? Eta onartzea?
·Nolakoa da Axunen eta bere senarraren arteko harremana? Zoriontsuak al dira elkarrekin? Zerk lotzen ditu?

Maite Aseginolazaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu



Aukerak, Generoa, Sexualitatea, Sentimenduak eta harremanak, Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa