BIDEOKLUBA

Baketikek norbere buruarekin eta besteekin etikoki bizitzeko borrokarekin zerikusia duten pelikula eta dokumentalen bideoteka bat sortu du. Helburu pedagogikoa, eta ez komertziala, dauka, soil-soilik. Eskatzen duen edonori mailegatzen dizkio pelikulak Baketikek: hezkuntza zentroak, aisialdi taldeak, parrokiak, GKEak, elkarteak, familiak, lagun taldeak… Pelikula bakoitzak gida didaktiko labur bat dakar berekin, edukiari buruzko analisi eta hausnarketa laguntzeko asmoz. Gida hauetako bakoitzean pelikula ikusi duen Baketikeko kolaboratzaile batek bi atal egiten ditu: «gaiak» eta «pelikula ikusi aurretik eta ondoren». Pertsona honek pelikula hau ikusteko egiten digun iradokizuna da. Kolaboratu nahi baduzu, gustatu izan zaizkizun pelikulen iritziak helaraztera gonbidatzen zaitugu.

BILAKETA ZEHATZA

Adios muchachos

Jatorrizko izenburua: Au revoir les enfants

Urtea: 1987

Iraupena: 102 min.

Herrialdea:

Zuzendaria: Louis Malle.

Aktore-zerrenda:

Gaspard Manesse, Irène Jacob, Raphaël Fetjo, Francine Racette, Stanislas Carré de Malberg, Philippe Morier-Genoud, François Berléand, François Négret, Peter Fritz, Pascal Rivet, Benoît Henriet

Ekoizpen-Etxea: NEF/MK 2, Stella Film, NEF Filmproduktion

Laburpena
Frantzia nazien okupazio-garaian. Nerabezaroan sartzear dagoen Julienek barnetegi katoliko batean ikasten du. Ikasturtea hasita dagoela, Bonnet agertuko da, ikutu misteriotsua duen ikasle berria. Jokuen, borroken eta komunean dituzten interesen bidez, bien arteko adiskidetasuna estutuko da. Batik bat, Julien Bonnetengandik desberdintzen duen horretaz ohartzen denean: bera arioa da, laguna, berriz, judutarra. Louis Malle zuzendariaren haurtzaroko oroitzapenetan oinarritua dago.

Gaiak
Adiskidetasuna, tolerantzia eta bidegabekeria


Adiskidetasuna. Pelikulak bi umeren arteko adiskidetasuna islatzen du. Aurrera egiten duen adiskidetasuna da, nahiz eta egoera geroz eta zailago bihurtu.
Tolerantzia. Protagonisten arteko harremanaren prozesua deskribatzen du istorioak. Elkar ezagutzen doaz, elkar errespetatzen eta onartzen, desberdintasunak desberdintasun.
Bidegabekeria. Gorrotoa, salaketa eta mendeku-egarria ekar ditzakeen portaera bidegabearen ondorio posibleak aurkezten ditu pelikulak.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea... Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik


·Nortasunari buruz: Zerk zehazten du pertsonen identitatea? Ezaugarri edo alderdi bakarrera muga daiteke nortasuna?
·Adiskidetasunari buruz: Kultura edo arraza desberdineko bi pertsona lagunak izan daitezke? Zeintzuk dira adiskidetasunaren oinarriak?
·Justiziari buruz: Zer ulertzen dugu justiziatzat? Zerk eraman dezake pertsona bat modu bidegabean tratatu dutela sentitzera?

…pelikula ikusi ondoren

·Zerk egiten ditu Julien eta Bonnet desberdin? Eta zertan dira berdinak?
·Julienen eta Bonneten arteko harremanak ibilbidea du pelikulan zehar. Zein da Julienek Bonnetekiko duen jarrera elkar ezagutzen dutenean? Eta Bonnet judutarra dela konturatzen denean? Eta nolakoa da beste pertsonaien jarrera?
·Pelikulan zehar nola sentitzen da Joseph? Modu bidegabean tratatu dute? Zergatik salatzen ditu ikaskideak? Ba al dago ekintza horiek justifika ditzakeen zerbait?

Pello Sarasuaren laguntzarekin.
Deskargatu gida didaktikoa

Adiskidetasuna, Gatazka soziala/kolektiboa, Justizia, Lehen hezkuntzako 2. zikloa