BIDEOKLUBA

Baketikek norbere buruarekin eta besteekin etikoki bizitzeko borrokarekin zerikusia duten pelikula eta dokumentalen bideoteka bat sortu du. Helburu pedagogikoa, eta ez komertziala, dauka, soil-soilik. Eskatzen duen edonori mailegatzen dizkio pelikulak Baketikek: hezkuntza zentroak, aisialdi taldeak, parrokiak, GKEak, elkarteak, familiak, lagun taldeak… Pelikula bakoitzak gida didaktiko labur bat dakar berekin, edukiari buruzko analisi eta hausnarketa laguntzeko asmoz. Gida hauetako bakoitzean pelikula ikusi duen Baketikeko kolaboratzaile batek bi atal egiten ditu: «gaiak» eta «pelikula ikusi aurretik eta ondoren». Pertsona honek pelikula hau ikusteko egiten digun iradokizuna da. Kolaboratu nahi baduzu, gustatu izan zaizkizun pelikulen iritziak helaraztera gonbidatzen zaitugu.

BILAKETA ZEHATZA

El viaje de Chihiro

Jatorrizko izenburua: Sen to Chihiro no Kamikakushi

Urtea: 2001

Iraupena: 120 min.

Herrialdea:

Zuzendaria: Hayao Miyazaki

Aktore-zerrenda: Animazioa / Animación.

Ekoizpen-Etxea: Studio Ghibli / Tokuma Shoten / Dentsu.



Sinopsia

Chihiro 10 urteko neskato bat da, eta etxez aldatzera doa familiarekin batera; bidaian, Yugo eta Aiko gurasoak bidezidor batean sartu eta galdu egiten dira. Tunel bat igarotzean, hiri misteriotsu batera iristen dira, eta hain zain dute otordu oparo bat. Yugok eta Aikok ezin diote eutsi gogoari eta aurrean topatzen duten guztia irensten hasten dira. Orduan, bat batean, txerri bihurtzen dira Chihiroren gurasoak. Nahi gabe, Chihiro eta bere gurasoak jainkoak eta izaki magikoak bizi diren lurralde batean sartu dira; tartean Yubaba maltzurra, bainu termal batzuen jabe den sorgina. Chihirok helduen mundu batean bizitzen ikasi beharko du, inork ez baitu ezertarako kontuan izango haren adina. Gauzak lortzea nekeza da han, eta sinesten eta maite duzun horregatik borrokatu behar du. Besteen ontasunarengan duen fedeari esker, Aurpegirik Gabeko pertsonaiaren gisakoak salbatu eta Yubaba eta antzeko etsaiei gailentzeko modua topatuko du. Haku gaztearekin duen laguntasunak bultzatzen du aurrera jarraitzera, eboluzionatzera eta bere muga propioak haustera.


Gaiak: 
Nortasuna, tradizioak, ekologia

Nortasuna. Chihiro, bakarrik murgiltzen da ezagutzen ez duen mundu magiko batean eta bakarrik egin behar die aurre bidean aurkitzen dituen erronkei. Gero eta indartsuago bihurtzen da haur izatetik heldu bihurtzeko trantsizio horretan.

Tradizioak. Garrantzitsua da ez ahaztea nondik gatozen, nora joan nahi dugun jakiteko. Pelikulan, tradizioak eta modernitateak edo garapenak talka egiten dute bi mundutan banatuta: japoniar tradizioko izpirituen mundu magikoa eta mundu erreala.

Ekologia. Gaur egun bizi dugun garapen bortitzak ez du ingurumenarekin eta naturarekin inongo errespeturik. Metaforen bidez ingurumena zaintzearen garrantzia erakutsiko digu pelikulak.


Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.


Zenbait galdera…

…pelikula ikusi aurretik

·Nortasunari buruz: Noiz igarotzen da pertsona bat haurtzarotik nerabezarora eta hemendik heldutasunera? Zailak al dira aldaketa hauek?
·Tradizioei buruz: Garrantzitsua al da ohiturak mantentzea? Zergatik? Nola mantendu ohituren eta garapenaren arteko oreka? Zer da zuretzat izpiritualtasuna?
·Ekologiari buruz: zer esan nahi du ingurumena zaintzeak? Zein da gizakion harremana naturarekin gaur egun ezagutzen dituzun kultura ezberdinetan?

...pelikularen ondoren

·Zertan aldatzen da Chihiro pelikulan zehar? Ze bizipenek dute eragin gehien bere garapenean? Nola lortzen du zailtasunak gainditzea?
·Ze ezaugarri ditu Chihiro/Sen-en eta Hakuren arteko harremanak? Zertan laguntzen diote elkarri? Aurpegirik Gabeko pertsonaiak zer bilatzen du? Eta Yubabak?
·Zer ikaskuntza jaso dituzu ingurumenaren zaintzaren inguruan? Ze pertsonaiek erakusten dituzte gehien ikaskuntza hauek?


Deskargatu gida didaktikoa

Hizkuntza: euskara, gaztelania, katalana.
Gaiak: Bizitza zikloa, natura eta ekologia, itxaropena eta konfiantza.
Adina: Lehen hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Helduak.