BIDEOKLUBA

Baketikek norbere buruarekin eta besteekin etikoki bizitzeko borrokarekin zerikusia duten pelikula eta dokumentalen bideoteka bat sortu du. Helburu pedagogikoa, eta ez komertziala, dauka, soil-soilik. Eskatzen duen edonori mailegatzen dizkio pelikulak Baketikek: hezkuntza zentroak, aisialdi taldeak, parrokiak, GKEak, elkarteak, familiak, lagun taldeak… Pelikula bakoitzak gida didaktiko labur bat dakar berekin, edukiari buruzko analisi eta hausnarketa laguntzeko asmoz. Gida hauetako bakoitzean pelikula ikusi duen Baketikeko kolaboratzaile batek bi atal egiten ditu: «gaiak» eta «pelikula ikusi aurretik eta ondoren». Pertsona honek pelikula hau ikusteko egiten digun iradokizuna da. Kolaboratu nahi baduzu, gustatu izan zaizkizun pelikulen iritziak helaraztera gonbidatzen zaitugu.

BILAKETA ZEHATZA

Un poco de chocolate / Txokolate apur bat

Jatorrizko izenburua: Un poco de chocolate

Urtea: 2008

Iraupena: 96 min.

Herrialdea:

Zuzendaria: Aitzol Aramaio

Aktore-zerrenda: Héctor Alterio, Daniel Brühl, Julieta Serrano, Bárbara Goenaga, Klara Badiola, Gorka Otxoa, Ramón Barea, Mikel Albisu, Marián Aguilera.

Ekoizpen-Etxea: Tusitala P.C. / Mundo Ficción



Sinopsia
Unai Elorriagaren ”SPrako Tranbia” liburuan oinarritutako filma. Lucas eta Maria anai-arreba adinduak dira eta maite izan dituzten pertsonen oroitzapenez betetako etxea konpartitzen dute. Badakite, lehenago edo beranduago, eurek ere egingo dutela azken bidaia. Marcos eta Roma bakarrik dauden bi gazte dira. Roma erizaina da eta bere logelatik ikusten den paisaia edertzen duten leihoak margotzen ditu. Marcos alderrai dabil, bere akordeoiari eta galdera amaigabeei eutsiz. Egun batez, zoriak laurak batuko ditu eta, ordutik, Lucas eta Mariak euren izaera berezia kutsatuko die Roma eta Marcosi. 

Gaiak: Zahartzaroa, ametsak, zaintza
Zahartzaroa. Zahartzaroak berarekin dakartzan gainbehera fisiko eta mentalaren ikuspegi positibo bat ematen digu pelikulak, adinak dakartzan mugak eta bizitzaren amaiera bera onartzearen eskutik.
Ametsak. Mundu magikoa eta onirikoa, erreala eta irudimenezkoa nahastu egiten dira film osoan zehar, ametsek, horiek lortzeko ilusioak eta ez lortzearen desilusioak gure bizitzan duten eragina erakutsiz.
Zaintza. Pertsonaien arteko harremanak zaintzan eta elkarren mendekotasunean oinarritzen dira. Goxotasunak lagunduko die une gozoenez disfrutatzen eta mingotsagoak gainditzen.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
·Zahartzaroari buruz: zein da zahartzaroarekiko gure jarrera? Eta gaixotasunarekiko? Zure inguruko pertsona zaharrekin zer motatako harremana duzu? Ondo zainduta daude?
·Ametsei buruz: Egiten al duzu ametsik esna zaudenean? Zein da egia bihurtzea lortu duzun amets hori? Fantasiek laguntzen al dute errealitatean hobeto bizitzen?
·Zaintzari buruz: zer esan nahi du pertsonak zaintzea? Zertan behar duzu zuk beste pertsonen laguntza eta zertan ez? Zure inguruko ze pertsonek behar zaituzte zu?

…pelikula ikusi ondoren
·Ze ezaugarri ditu Lucas eta Mariaren arteko harremanak? Ze jarrera du Mariak anaiaren gaixotasunaren aurrean? Anaiaz gain, nola zaintzen du bere burua?
·Zergatik uste duzu onartzen duela Marcosen presentzia Lucasek? Zer eskaintzen eta ematen diote elkarri? Romak maitasuna adierazteko duen modua zer iruditu zaizu? Ezer espero al du trukean bere maitasuna eta adiskidetasuna eskaintzen dituenean?
·Nola bizi du Lucasek bere heriotzaren hurbiltasuna? Lucasen oroitzapen eta ametsek iraganeko zoriontasun uneekin zerikusia dute. Zeintzuk dira zure oroitzapen zoriontsuak? Laguntzen al dizu horietan pentsatzeak?




Deskargatu gida didaktikoa

Hizkuntza: Euskara eta gaztelania

Gaiak: Bizitza zikloa, sentimenduak eta harremanak, sufrimendua

Adina: Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa.