BIDEOKLUBA

Baketikek norbere buruarekin eta besteekin etikoki bizitzeko borrokarekin zerikusia duten pelikula eta dokumentalen bideoteka bat sortu du. Helburu pedagogikoa, eta ez komertziala, dauka, soil-soilik. Eskatzen duen edonori mailegatzen dizkio pelikulak Baketikek: hezkuntza zentroak, aisialdi taldeak, parrokiak, GKEak, elkarteak, familiak, lagun taldeak… Pelikula bakoitzak gida didaktiko labur bat dakar berekin, edukiari buruzko analisi eta hausnarketa laguntzeko asmoz. Gida hauetako bakoitzean pelikula ikusi duen Baketikeko kolaboratzaile batek bi atal egiten ditu: «gaiak» eta «pelikula ikusi aurretik eta ondoren». Pertsona honek pelikula hau ikusteko egiten digun iradokizuna da. Kolaboratu nahi baduzu, gustatu izan zaizkizun pelikulen iritziak helaraztera gonbidatzen zaitugu.

BILAKETA ZEHATZA

Bar bahar: entre dos mundos

Jatorrizko izenburua: Bar Bahar (In Between).

Urtea: 2016

Iraupena: 103 min.

Herrialdea:

Zuzendaria: Maysaloun Hamoud

Aktore-zerrenda: Mouna Hawa, Shaden Kanboura, Sana Jammalieh

Ekoizpen-Etxea: Shlomi.




Sinopsia
Salma, Laila eta Nur-ek ez dute beren tokia topatzen. Tradizioa eta bizitza modernoaren arteko oreka bilatzen saiatzen dira. Israeldar pasaportea duten palestinarrak dira eta Tel Aviv-en askatasunez bizitzea erabakitzen dute, euren sorlekuetatik urrun. Hirurek bilatzen dute maitasuna, baina gazte palestinarrak izanda, azkar konturatuko dira eurek hautatutako harremanak izatea ez dela erraz lortzen den zerbait. 

Gaiak: Adiskidetasuna, askatasuna, matxismoa
Adiskidetasuna. Hiru protagonisten artean elkarren babesa eta zaintza gailentzen da, gatazkak gatazka. Euren eboluzioan oinarrizkoa da adiskidetasun hau.
Askatasuna. Beren benetako izaera aurkitu eta adierazteko, askatasuna bilatzen dute protagonistek.
Matxismoa. Bizi diren gizartean, gizon batekin ezkontzea da emakumeen patua, eta horretara zuzendutako bizitza estilo hertsi bat eraman behar dute. Honi aurre egiten diote, eta ondorioak pairatu.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
·Adiskidetasunari buruz: ze jarrera eta ekintzek osatzen dute adiskidetasun on bat? Ze punturaino dira garrantzitsuak zure lagunak zure bizitzan?
·Askatasunari buruz: ze baldintza behar ditu pertsona batek aske izateko? Aske sentitzen al zara zaren hori izateko? Eta zure ingurukoak?
·Matxismoa: emakumeek gizon batekin ezkontzeko presioa al dute gure gizartean? Harreman afektibo eta sexualekiko, ze arau daude emakumeentzako, eta zeintzuk gizonezkoentzako?


…pelikula ikusi ondoren
·Zer iruditzen zaizu Salma eta Lailaren bizitza estiloa? Zertan da ezberdina euren senideenarekin konparatuta? Eta Nur-en bizitza estiloa? Zertan dute antza eta zertan ez?
·Pelikularen bukaeran askatasuna topatu dutela iruditzen al zaizu? Hala ez bada, nola topatuko dutela uste duzu?
·Aztertu gizonezko pertsonaien jarrera ezberdinak: Nur-en bikotekidea, Ziad, Salmaren aita, Nur-en aita… noiz laguntzen diete protagonistei pertsona bezala hazten, eta noiz bihurtzen dira oztopo?
·Agertzen zaigun gizartea guretik urruti dagoela iruditzen zaizu? Zertan dute antza?



Deskargatu gida didaktikoa

Hizkuntza: Gaztelania, arabiarra.

Gaiak: Generoa, Adiskidetasuna, Familia, Sentimenduak eta harremanak

Adina: Batxilergoa.