BIDEOKLUBA

Baketikek norbere buruarekin eta besteekin etikoki bizitzeko borrokarekin zerikusia duten pelikula eta dokumentalen bideoteka bat sortu du. Helburu pedagogikoa, eta ez komertziala, dauka, soil-soilik. Eskatzen duen edonori mailegatzen dizkio pelikulak Baketikek: hezkuntza zentroak, aisialdi taldeak, parrokiak, GKEak, elkarteak, familiak, lagun taldeak… Pelikula bakoitzak gida didaktiko labur bat dakar berekin, edukiari buruzko analisi eta hausnarketa laguntzeko asmoz. Gida hauetako bakoitzean pelikula ikusi duen Baketikeko kolaboratzaile batek bi atal egiten ditu: «gaiak» eta «pelikula ikusi aurretik eta ondoren». Pertsona honek pelikula hau ikusteko egiten digun iradokizuna da. Kolaboratu nahi baduzu, gustatu izan zaizkizun pelikulen iritziak helaraztera gonbidatzen zaitugu.

BILAKETA ZEHATZA

Hannah Arendt

Jatorrizko izenburua: Hannah Arendt

Urtea: 2012

Iraupena: 113 min.

Herrialdea:

Zuzendaria: Margarethe von Trotta

Aktore-zerrenda: Barbara Sukowa, Axel Milberg, Janet McTeer, Julia Jentsch, Ulrich Noethen, Michael Degen, Nicholas Woodeson, Victoria Trauttmansdorff, Klaus Pohl.

Ekoizpen-Etxea: Heimatfilm


Sinopsia
Hanna Arendt filosofo, pentsalari eta kazetari judutarraren biografia da. Estatu Batuetan erbesteratuta bizi da eta Jerusalemera bidaltzen du The New Yorker egunkariak Adolf Eichmann gerrako kriminalaren aurkako epaiketaren berri ematera. Heriotza zigorrera kondenatzen dute Eichmann. Lau urtetan zehar “Gaizkiaren hutsalkeriari buruzko txostena” izeneko liburua idazten aritzen da, eztabaida bizien erdian. Liburuak nazioarteko eskandalu bat piztuko du.

Gaiak: Gaizkia, taldea, gizateria
Gaizkia. Hanna Arendt filosofoak gaizkiaren kontzeptura egindako gerturapen filosofikoa aurkezten digu pelikulak.
Taldea. Hannak, nazismotik ihes egin eta AEBetan lanean jarraitu ahal izan zuen judutar alemaniarrak, ez du bere identitatea judutarra izatearen gainean soilik eraikiko. Horrek, besteak beste, holokaustoa beste ikuspegi batetik aztertzera eramango du, bere jatorrizko komunitateko liderren jokabidearen irakurketa autokritiko batetik, hain zuzen.
Gizatasuna. Filmak Adolf Eichmann kriminal naziari Israelen egindako epaiketaz hitz egiten digu; judutarrak azken ebazpenera eramateko arduraduna zen bera. Muturreko gizagabetasunaren adierazle eta gizateriaren aurkako eraso bortitzena izan zen Holokaustoari egindako epaiketa izan zen.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
·Gaizkiari buruz: Zer uste duzu dela ‘gaizkia’? Kategoria absolutu bat izan daiteke, jarrera bat da? Zerk eraman gaitzake gaizkia egitera? Entzun duzu gaizkiaren hutsalkeriari buruzko konturik?
·Taldeari buruz: Kritikoak izan behar al gara gure komunitatearekin egoera edozein dela ere? Zein leialtasun ezartzen dira?
·Gizatasuna buruz: Zer da gizatasuna? Gizagabetu al gaitezke?

…pelikula ikusi ondoren
·Edonork egin al dezake gaizkia? Nola gal dezakegu gure gizatasuna?
·Holokaustoa bezalako fenomeno baten aurrean, ba al dago justizia bidezko baterako lekurik? Eta justizia moralarentzat?
·Hannahk bezala uste al duzu pentsatzearekin hondamendi hauek saihestu daitezkeela? Bere iritziz gaizkia muturrekoa da baina ez da erradikala, eta ongia soilik da kontzientea eta erradikala; zer iritzi duzu hausnarketa horri buruz?


Deskargatu gida didaktikoa

Justizia, dilema etikoak, duintasuna eta giza eskubideak
Batxilergoa, Helduak