BIDEOKLUBA

Baketikek norbere buruarekin eta besteekin etikoki bizitzeko borrokarekin zerikusia duten pelikula eta dokumentalen bideoteka bat sortu du. Helburu pedagogikoa, eta ez komertziala, dauka, soil-soilik. Eskatzen duen edonori mailegatzen dizkio pelikulak Baketikek: hezkuntza zentroak, aisialdi taldeak, parrokiak, GKEak, elkarteak, familiak, lagun taldeak… Pelikula bakoitzak gida didaktiko labur bat dakar berekin, edukiari buruzko analisi eta hausnarketa laguntzeko asmoz. Gida hauetako bakoitzean pelikula ikusi duen Baketikeko kolaboratzaile batek bi atal egiten ditu: «gaiak» eta «pelikula ikusi aurretik eta ondoren». Pertsona honek pelikula hau ikusteko egiten digun iradokizuna da. Kolaboratu nahi baduzu, gustatu izan zaizkizun pelikulen iritziak helaraztera gonbidatzen zaitugu.

BILAKETA ZEHATZA

Verano 1993

Jatorrizko izenburua: Estiu 1993 (Verano 1993)

Urtea: 2017

Iraupena: 97 min.

Herrialdea:

Zuzendaria: Carla Simón

Aktore-zerrenda:

Laia Artigas, Bruna Cusí, David Verdaguer, María Paula Robles, Paula Blanco, Etna Campillo, Jordi Figueras, Dolores Fortis, Titón Frauca, Cristina Matas, Berta Pipó, Quimet Pla, Fermí Reixach, Isabel Rocatti, Montse Sanz, Tere Solà, Josep

Torrent.

Ekoizpen-Etxea: Inicia Films / Avalon P.C.


Sinopsia
1993ko udan, bere gurasoen heriotzaren ondoren, Frida, sei urterekin, Bartzelonatik Kataluniako landa-inguru batera joango da bizitzera. Izebarekin eta osabarekin bizi da, bere legezko tutoreak baitira orain. Landa-inguruko bizitza sekulako erronka da Fridarentzat. Familiak ahal duen guztia egingo du oreka hauskor bat lortzeko eta bizitza normala izateko. Pixkanaka, bertan geratzeko iritsi dela eta ingurune berrira ohitu beharko duela ohartuko da Frida. Uda bukatu baino lehen, Fridak bere buruari aurre egin beharko dio.


Gaiak: Haurtzaroa, dolua, maitasuna
Haurtzaroa
. Fridaren begietatik biziko dugu uda bat, bere jolasak, dibertimenduak, asperraldiak eta 6 urteko neskato batek biziari aurre egiteko dituen mekanismoak ezagutuz.
Dolua. Filmean zehar, gurasoak galdu dituen protagonistaren dolu prozesua ikusiko dugu.
Maitasuna. Filmak agerian uzten digu zeinen garrantzitsua den maitasuna pertsonaren garapenean, bai eta, edonola gaudela ere, baldintza-gabe maitatuak garela sentitzeko beharra.


Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

·Haurtzaroari buruz: gogoratzen al duzu 6 urte inguru zenitueneko udaren bat? Nolakoa zen zure eguneroko bizitza? Oroitzen al duzu momentu onik edo txarrik? Nola eragin dizute haiek?
·Doluari buruz: Zer da dolua? Zein momentutan esan daiteke dolua egin eta gainditu dugula?
·Maitasunari buruz: Zer ulertzen dugu maitasunaz? Zer esan nahi du maitatua izateak eta maitatua sentitzeak? Zer nolako garrantzia du maitasunak gure bizitzan? Zer esan nahi du baldintza gabe maitatzeak ?

…pelikula ikusi ondoren
·Zer daki Fridak bere gurasoen heriotzaz? Nola bizi du amaren galera pelikulan zehar? Eta Margak eta Estevek?
·Zer eragin du haietako bakoitzean Fridaren amaren heriotzak? Zer sentimendu pizten dira pertsonaia bakoitzarengan? Eta aitona-amonengan?
·Nolakoa da Fridaren harremana bere osaba-izebekin? Une batean, aldatu egiten da harreman hori, zer gertatzen da aldaketa hori gertatzeko? Nola bizi du hori pertsonaia bakoitzak?

Gida didaktikoa deskargatu

Sentimenduak eta harremanak, familia, gatazka pertsonalak
Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Helduak
Gaztelania, katalana