ARGITALPENAK

Bizitzako funtsezko ikaskuntza bat gure izaera mugatua onartzea dela uste du Baketikek. Ez dakigu guztia, eta ez dugu arrazoi osoa ere. Bizitza pertsonalean eta elkarrekin bizitzeko orduan ezinbestekoa da elkarrizketaren aldeko apustua egitea egiaren bilaketa partekatua sustatzeko. Atal honetan Baketikek hainbat gairen inguruko bere ikuspegia eta proposamenak aurkezten ditu, zu bezalako pertsonen arteko eta erakundeen arteko elkarrizketa horren abiapuntu bezala.

Vivir y convivir cuatro aprendizajes básicos

Jonan Fernandez

“Vivir y convivir. Cuatro Aprendizajes básicos” liburua pertsonaren giza oinarri sakonenen bilaketa da. Bizitzarako zentzua, bizikidetzarako ulermen unibertsala eta heziketarako orientabide hobea aurkitzeko aukerak aztertzea ahalbidetzen duen bilaketa.

Egilearen bilaketa honen emaitza lau oinarri dira, edozein desberdintasunen gainetik, gizaki guztiak berdintzen gaituztenak: gizakion izaera mugatua, esker onaren zentzua, kontzientziari entzutea eta giza duintasuna.

Azterketa hau ez da jakite teoriko batean oinarritzen, liburuaren egilearen bizi-esperientzian oinarri duen giza-bilaketa da. Gizakia izateak zer esan nahi duenari erantzunak bilatzeko eta gizaki izatea nola betetzen den ulertzeko duen grina adierazten du. Grina honek “Ser humano en los conflictos” (2006. Ed. Alianza) bere liburuan lehen isla izan zuen

Horregatik, liburu honen edukiaren berezitasuna da lau oinarri horiek ez direla adimen-lantze baten emaitza gisa aurkezten. Ez da arrazoiarekin interpretatu daitekeen material teorikoa bakarrik. Esperientziala da. Batez ere bizi-esperientziatik sortzen da eta  edozein pertsonak bizi dezakeen bizi-esperientzia proposatzen du. Bizipen pertsonaletik, bere edukiak zentzurik ba ote duen edo ez egiaztatzeko gonbita da.

Horregatik, gizakiaren berezkoenak diren lau puntu horiek, oinarrizko ikaskuntza bezala aurkezten dira: gizakion izaera mugatuaren ikaskuntza, esker onaren ikaskuntza, kontzientziari entzuteko ikaskuntza eta giza duintasunaren esanahiaren ikaskuntza. Lau esperientzia diren lau ikaskuntza.

Liburuaren tesia da gizaki guztiak oso antzekoak garela lau oinarri horietan. Gure bizitza, gure bizikidetza eta hezi gaituzten eta guk hezitzeko dugun modua estu lotua dago gure bizitza osoan lau ikaskuntza horiei aurre egiteko dugun erarekin.

Lau ikaskuntza horien beste berezitasun bat betirako direla da. Ez dira behin betirako ikasten. Behin eta berriz kontuan hartu behar diren erreferentziak dira bizitza eta gertaerak ikaskuntza hauetatik irakurtzeko. Lau ikaskuntza horietara itzultzen garen bakoitzean, zentzu, esanahi eta esperientzia handiagoa eskaintzen digute.

Liburuaren edukiak ikaskuntza horietako bakoitza garatzen du modu xehean. Ikaskuntzei eskainitako atal bakoitzak horiek banaka-banaka zer esan nahi duten azaltzen du, nolako parte-hartzea eskatzen duten eta, iradokizun errazak eta praktikoak emanaz, nola bizi daitezkeen sakon.

erosi