BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Ikasleak, entzuteko prest

2018-05-30

Joan zen maiatzaren 21ean Giza eskubideen urraketen biktimekiko elkartasuna gazteekin nola landu hizpide izan genuen mahai-inguru interesgarri batean (txio-hari honetan irakurri dezakezue laburpen bat). Biktimen testigantzak ikasgeletara eramateak dakartzan hausnarketa, sentipen eta ondorioak azaldu zituzten zortzi hizlarik, bakoitzak bere eremutik.

Esperientzia honetaz lehen aldiz entzuten duen batek agian pentsa dezake ausardia handia behar dela, eskolen zein biktimen partetik, hainbeste sufritu duten pertsonak 16-17 urteko gazte talde zalapartatsu (eta batzuetan lotsagabe ere) baten aurrean jartzeko. Hein batean ausardia behar da, bai, baina Axun Lasa eta Iñaki Garcia Arrizabalagak kontatu zigutenez gazteen jarrera enpatiaz, errespetuz eta kuriositatez beteta egoten da beti. Esker onez eta itxaropentsu ateratzen omen dira saioetatik bi-biak, erraza ez izan arren sufrimenduzko esperientziez behin eta berriz hitz egitea.

Halako ekimenak antolatzeko garrantzitsua da kontuan hartzea, ikasle batek zioen bezala, biktimak zenbaki bat baino gehiago direla; zu eta ni bezalako pertsonak dira. “Instrumentalizatu gabe, paternalismo gabe eta errespetuz tratatu behar ditugu”, zioen Gema Varonak. Ikuspegi horrekin jartzen ditu harremanetan biktimak eta eskolak Eusko Jaurlaritzako Adi-adian programak hain zuzen ere.

Santo Tomas Lizeoak urte batzuk daramatza esperientzia honetan parte hartzen. Bertako Itsaso Garzon irakasleak azaldu bezala, filosofia eta historia ikasgaietan testuinguru bat ematen zaio biktimen testigantzari eta ondoren hilabeteak irauten ditu gazteen hausnarketak. Idatziz adierazten dituzte batzuetan hausnarketok, eta hau konpartitu zigun adibide bezala:
(…) Eta ezin zaitut burutik kendu… eta ezin ditut zure hitzak ahaztu…
Benetan? Nire herrian? Horrela?
Gaur, dena aldatu da niretzat. Ni aldatu naiz. Zuk aldatu nauzu.
Eta noski ezetz… Ezin dut beste alde batera begiratu nire herriko pareta zikinduetan. (…)

Ideiak, jarrerak eta etorkizuna aldatzeko ausardia behar da. Eskolak ausardiaz gainezka dauzkagu, min eta itxaropenak entzuteko prestutasun eta grina duten ikaslez josita, alegia. Hori probestu behar dugu, gertatutako indarkeria berriz ez errepikatzeko bermea delako. Bejondeiela ikasleei, eta eskerrik beroenak testigantza ematen duten biktimei. Gizarte osoaren onurarako ari dira guztiak azken finean.

...

Parekatu