BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Txanpon beraren bi alde

2012-11-22

Lau urte bete dira Mexikon Alejandraren eta Cesarren ezkontzan izan nintzenetik. Aste betez Socorritoren etxean egon nintzen, Alejandraren amonaren etxean. Egun zoriontsuak izan ziren eta familiako kide bat gehiago bezala sentitu nintzen.

Astelehenean mezu gazi-gozo bat jaso nuen Mexikotik. Batetik, larunbatean, Alejandraren eta Cesarren lehenengo semea Iker izenekoa jaio zela esaten zidaten eta, bestetik, igandean, Socorrito hil zela. Bizitza eta heriotza, txanpon beraren bi aldeak. Batek ez du zentzurik bestea gabe.

Mexikon egin ditudan egonaldietatik harridura gehien sortu izan didan gauza hildakoen eguna, azaroaren 1a eta 2a, nola ospatzen duten izan da. Mexikon lehenengoz egun horiek nola bizi izan nituen gogoratzen dut. Alejandraren familiak kanposantura joatera gonbidatu ninduen eta iritsitakoan dena musika eta kolorea zen. Kanpoan denetarik saltzen zuten postuak zeuden eta behin barruan, txundituta utzi ninduen hilobiaren aurrean elkarturik zeuden familia osoak, jaten, kitarra jotzen, abesten eta barrez. Hemen bizi dugunarekin alderatuz alde izugarria.

Hemen, azaroaren 1a egun nahiko tristea izaten da, hil den norbait edo falta zaigun norbait gogoratzen dugu. Han ordea, beraiekin bizi izan den norbait gogoratzen dute. Beraiek uste dute egun horretan hildakoaren arima itzultzen dela eta elkarrekin ospatzen dute hildakoari gustatzen zitzaizkion janari-edariak dastatuz eta bere abesti kuttunenak abestuz. Egoera hori bizitzeko bi era dira. Batzuek izaera mugatutik bizi dugu eta besteek esker onetik. Txanpon beraren bi aldeak.

Ikerrek eta Socorritok egun bakarra partekatu dute mundu honetan baina ez dute elkar ezagutu. Dena dela, ziur nago Ikerrek jakingo duela Socorrito nor zen Alejandrak, Cesarrek eta beste guztiek kontatuko diotelako eta elkarrekin ospatuko dutelako.

Oharra: Aste honetan Errealak 4-0 irabazi dio Vallecas-eko Rayo-ri eta Carlitos Vela mexikarrak bi gol egin zituen, bat Socorritorentzat eta bestea Ikerrentzat. Velak ez daki baina neuk bai. Alejandra eta Cesar mexikar peto-petoak dira… eta Errealekoak.

Pello Sarasua

...

Parekatu

mi8wly

2017-06-25 08:35:34

symnAnOff y8jvsyu8mcopp6y6jg

Pello Zabala Bengoetxea

2012-11-27 16:23:47

Aupa tokaio! Hik Mexikon bizi izandako harridura ez ahazteko tamainakoa duk, egia.

Hilekiko oroipen eta bizipen horiek denak antzinako kulturakoak ditiztek: guk ere halatsu genitian, zelten bizikizunetakoak baitira. Azaroan sartzean, orduko negu hasierarekin batera ospatzen zititean falta zitzaizkien hildakoen egunak, bezperatik hasita, gauean ere etxeko ateak zabalik eta, mahaia prest, etorriko zirela bazekiten hildako etxekoentzat eta... ohitura eta usadio oso bitxiak.

Zeltiar hainbat herritako ohitura betikoak hituan. Halako batean, pixkeka pixkeka, ohitura horiek mediterraneo aldera iristen joan hituan. Eta baita X.mende aldera Erromaraino iritsi ere. Eta Erroman dena organizatu zitean beste modu batera: Azaroaren 1ean, hildako santuen eguna, martiriena batipat. Eta bigarrenean, hildako beste guztiena.

Halere, herri asko dituk, antzinako ohiturei eusten dienak, oraindik ere. Gure jentil-harri eta jentil-baratze (ikusten, nolako pagano kutsua eman zien bateren batek, delako 'jentil' horrekin...?), edo hobeto esanda, gure trikuharri eta harrespiletan gorde izan den isiltasun natural naturarekikoak ere badik, baduenez, ospakizun mezu bildurik... Eskerrik asko mexikar bizikizun bitxi horrengatik.