BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Barkamenari buruz

2017-01-16

“Hanka sartzearen” aplikazioa gure bizitzan instalatuta dator jada. Hobe da onartzea: ez gara perfektuak. Adi! Izan ere, gure bizitza hobetzea lortu arren, ez gara inoiz perfektuak izango. Uste dut pertsonalki eta gizarte bezala onartzeak nolabaiteko lasaitua ekartzen digula. Dena dela, behin akatsa eginda galdera da: eta orain zer? Senak esan ohi digu ondorioak nork bere gain hartzea eta barkamena eskatzea dela orain egin beharrekoa. Are gehiago, gure seme-alabei erakusten diegu hori bera “eska iezaiozu barkamena” ospetsua erabiliz.



Bikotekidearekin, gizartearekin, senideekin bizitzeak barkamena behar izaten du. Pentsa dezagun nolakoa izango litzatekeen historia gure arbasoek haien artean gertatutakoak barkatu ez baliete elkarri. Gure gizarteak neurri handi batean barkamena eskatu eta barkatzeko prest egoteari esker funtzionatzen du. Norbanakoaren ekintza bat da eta, beraz, ezin da norbait behartu barkamena eskatzera eta ezta barkatzera ere. Inposizio bihurtzea, ondo pentsatu ezkero, nahiko zentzugabea da. Baina ez da erraza. Berez, gero eta handiagoa mina, orduan eta zailagoa da barkamena eskatzea edo bestea barkatzea.



Esanahi erlijiosoetatik haratago, barkatzeak esan nahi du iraganean egin genuen hori baino gehiago garela (norbera zein besteak) ulertzea. Barkamena eskatzen duenarentzat esan nahi du ulertzen duela beste pertsona bati mina eman diola, akaso min hori nahita egin duela onartzea, eta orain nahita ere ametitu eta zuzendu egin nahi duela. Eta barkatu behar duenarentzat esan nahi du ez sufrimendua ahaztea edo gutxiestea, baizik eta ulertzea barkamena eskatzen dion pertsona min horren eragilea baino gehiago dela. Gu garenean hanka sartu dugunak, ez al zaigu gustatzen beste aukera bat izatea? Ez al dugu pentsatzen egin genuen hori baino askoz gehiago garela?



Iker Uson

...

Parekatu