BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Sufrimendura gerturatzea: gizatasunerako aukera bat (III)

2016-04-15

Gerturatzea, enpatiatik


Aurreko postetan biktimen sufrimendura hurbiltzeko esparru orokorra eta beren sufrimendua osatzen duten elementuak ikusi ditugu, enpatiaren bidez hurbiltzea beharrezkoa dela ondorioztatu arte. Nola egingo dugu hau?


Guztiok dugu sufrimenduaren aurrean enpatia izateko gaitasuna. Horri esker egin dezakegu geure bestearen mina. Enpatiarik gabe ezinezkoak dira elkartasuna eta bizikidetza, pitzatu egiten baitira orainaldian, etorkizunerako baldintzatuta geldituz. Sufrimendura enpatiatik gerturatzeak honakoak hartzen ditu barne:


·Galera onartzea. Galera orok sortzen du dolua, eta beharrezkoa da hori onartzea ondoren eraldatu ahal izateko. Enpatiak onarpen horretan lagundu dezake, ez justifikazioen, nostalgien edo estualdien atzean babesteko, baizik eta biktima orok ikus dezan erasotzaileak utzitako hutsune horren atzean ere badela zerbait.


· Duintasuna berreskuratzea. Gerturatze enpatikoak gorrotoa sustatzetik urrun, aukera berriak jartzen dizkie eskura biktimei, euren minetik harago har ditzaten erabakiak eta erasoak ebatsi zien autonomia berreskuratu dezaten. Proiektu bat edukitzeak biktimizazioa gainditzen laguntzen du eta euren giza duintasunaren zentzu sakonenarekin konektatzen laguntzen die berriro.

 

·Identifikazio gizatiartzailea. Enpatiak aurreiritzirik gabeko gerturatze bat ahalbidetzen du. Sufritu duten pertsona ororen tokian jartzea xede duen identifikazio gizatiartzaile bat bultzatzen du, haien lekukotzak entzutearen bitartez, eta onartuz inongo urraketak ez duela beste bat konpentsatu edo ezabatzen, baizik handitu egiten duela.


·Onarpen bakegilea. Enpatia bidez biktimengana gerturatzea, bakea bultzatzen duen onarpen batean oinarritzen da, alde batetik haren mina zilegitzat eta errealtzat onartzen duelako; eta bestetik, min hori gizartearen bistan jartzera konprometitzen delako, inoiz gertatu behar ez zuenaren adibide gisa.


·Oroimen kritikoa. Biktimekiko elkartasuna bizikidetzarako aktibo bat da. Enpatiak ahanztura saihesten du, oroimen kritikoa eraikitzen du biktimekin, eta gertatutakoa bidegabe erasotako giza duintasunaren prismatik epaitzea ahalbidetzen du.

Ikusi dugun bezala, enpatia ezinbesteko aliatua da sufrimendura gerturatzeko. Sustatu, indartu eta landu daiteke eta hala egin behar da, eta horretarako konpromiso zehatzak behar ditugu. Beti dago egin dezakegun zerbait prozesu honetan.

 

Iker Uson

...

Parekatu