BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Sufrimendura gerturatzea: gizatasunerako aukera bat (I)

2016-02-15

Sufrimendura gerturatzeko aurre-eremu bat


Sufrimenduaren errealitateak oso gai sentikor baten aurrean jartzen gaitu, eta beharrezkoa da aurre-eremu bat definitzea haren osagarri nagusiak finkatzeko: zer da sufrimendua eta zeintzuk dira biktimak; eta ingurunea zehazteko: zergatik eta zertarako da beharrezkoa gerturatze hori. Eremu hori honako baldintzen arabera zehazten da: esperientzia, ikusmoldea, lehentasuna eta etorkizuna.

 


- Sufrimenduaren esperientzia. Sufrimendua bizitzaren alderdi saihestezina da. Hura bizitzeak pairamen eta minera garamatza; baina baita horiek gainditzeko pazientzia eta irmotasunera ere. Inork desio ez duen eta inork saihestu ezin duen esperientzia da, norberaren garapen pertsonalean gizabanakoaren autonomia suntsitu dezakeena. Elkarbanatu eta besteekin bizi daitekeen arren, sufrimenduak indibidualizatu egiten du, bakandu egiten du sufritzen duen pertsona, horrek dakarren larritasun eta babesgabetasunarekin.


 

- Biktima ikusmoldea. Biktima dira pertsonalki edo familian sufrimendu esperientzia indartsu, larri eta atzeraezin bat jasan duten guztiak, edozein delarik ere hura eragin duen indarkeria bidegabearen forma edo jatorria.

 


- Giza duintasunaren lehentasuna. Pertsona orok dugu giza duintasuna, helburu garelako eta ez bitarteko. Biktimak eraso zituenak beste helburu batzuk lortzeko bitarteko moduan erabili zituen haiek. Sufrimendura gerturatzea zera ulertzea da: pertsona guztiok merezi dugula errespetua, duintasuna dugun heinean. Berdinak garela onartzeak besteen sufrimendua ulertzen laguntzen digu. Duintasuna edozeren gainetik defendatzen ez bada, ez dago eskubide posiblerik, ezta sufrimenduarekin enpatia izateko modurik ere.


 

- Adiskidetzearen etorkizuna. Gatazka suntsitzaile bat nozitu ostean, bizikidetzak, biktima eta biktimarioen arteko adiskidetasun idilikoen egoerak aurkeztetik urrun, norabide argi bat zehazten du: bizikidetza berreskuratzea, elkarrekiko errespetuan eta onarpenean oinarrituta. Bestearen sufrimenduaren aurrean enpatia izatea da etorkizun horretara pausoak emateko gurutzatu beharreko zubia.


Orokorrean besteak gizatasunaren betaurrekoen bidez ikusteko, eta zehazki biktimen egoera ulertu eta hobeto laguntzeko iparrorratza dugu hau. Behin esparrua argi  izanda, modu etikoan hurbil gaitezke biktimen bizipenetara, bizikidetzaren berradiskidetzean aurrera eginez hala.


Iker Uson

...

Parekatu