BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Kontakizunaren borroka

2015-12-23

Hauta Lanerako Euskal Hiztegiak honela definitzen du kontakizuna: “Gertaera baten edo batzuen adierazpena, batez ere idatzia”. Argi dago, gure gizarteak bizi duen egoera berrian,  hitz hau geratzeko etorri dela. Ez da politikari edo kazetarien ahotan soilik dagoen hitza, kontakizunaz aritzen gara han eta hemen etengabe. Izan ere, ez da edonolako gaia. Gure gizartean bizi izan dugun bezalako gatazka suntsitzaile baten ostean, borroka edo gudu nagusietako bat, zentzu metaforikoan noski, kontakizunen arteko talkatik sortzen dena da, hau da, gertatu zenaz edo denaz ulertzen dugun horretatik sortzen dena.


Beraz, gatazka bat, per se, gutxienez bi alderdiren artean gauza konkretu baten inguruan sortzen den desadostasun egoera bat da; gure kasuan, alderdi horiek, irakurleak zehazten dituenak izanda ere, ez dira inoiz bat etorri eta ez dira etorriko kontakizunaren zereginean. Ez gara lehenak, ezta azkenak ere. Egunero gertatzen zaigu gure eguneroko gatazketan. Gure buruak behar izaten du gertatu denaren kontakizun “logiko” eta, sarri, oso zehatz bat egituratzea.


Gaur egun euskal gizarteak kontakizunen arteko borroka hau bizi du, gertatu zitzaigunaren eta gertatzen zaigunaren inguruko kontakizun horien arteko liskarra hain zuzen. Kontakizun bakoitzak du bere alde objektiboa, baina baita alde subjektiboa ere, eta azken honek ez dauka lehenak baino balio gutxiago, horren gainean eraiki baita gatazka bera, eta horren gainean eraiki beharko baita bizikidetza berria ere. Logikoki, kontakizun bakoitzak baditu bere jarraitzaileak eta bere arerioak ere.


Borroka guztietan bezala honetan ere, azken helburua garaipena da, hau da, nire kontakizuna besteenari gailentzea. Esperientziak erakusten digu historia garaileek idazten dutela. Argi dago, tartean giza eskubideen bortxaketak daudenean, garaile eta garaituen hizkera hau guztiz soberan dagoela, baina onartu behar da kontakizunaren borrokak horretara jotzen duela, irabaztera, hegemoniko izatera.
Honen inguruan lasai hausnartuz eta gure bizitzaren eta gizartearen ibilbideari begiratuz, argi ikus dezakegu kontakizun batzuk gailentzen diren arren, besteak ez direla desagertzen. Are gehiago, kontakizun ez-hegemonikoak sakonago barneratzen dira eta gehiago transmititzen belaunaldiz belaunaldi.  Beraz, logikoena eta errespetuzkoena dirudi  kontakizun guztiek euren lekua izatea, eta onartzea ez dela posible izango, ez gaur, ez bihar, kontakizun bakar bat egotea. Honek esan nahi al du kontakizun guztiak direla etikoki onargarriak? Ez noski. Hori da agian gizarte bezala kontakizunaren inguruan izan behar dugun helburu nagusia: gure gizartean ideiak pertsonen aurretik jarri zirela eta horrelakorik ez dela errepikatu behar jasotzen duen kontakizun bat elkarbanatzea.

...

Parekatu