BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Ainguratuta bizitzea

2015-11-17

Itsasontziez asko ez dakigun arren, nik behintzat ez, guztiok dakigu zer den aingura bat eta berehala irudikatzen dugu hura. Bitxia da, baina itsaso-kontuez ezer gutxi dakigun arren, ainguratu aditza askotan erabiltzen digu, zentzu negatibo batean oro har. Horregatik, maiz entzun edo esan ditzakegu “iraganean ainguratuta bizi da” edo “ezin duzu oroitzapen horietan ainguratuta jarraitu” bezalako esamoldeak.

Hitz lauz zera esan liteke, aingura bat ontzi guztiek daramaten tresna dela, behar izanez gero itsas-hondoa ukitu soilik ez eta hartara hertsiki heldua geldi dadin aska daitekeen tresna, modu horretan ontziak itsasaldi eta korronteei aurre egin diezaioke, jitoan egon ez dadin. Horrela ikusita, ontzi bat ainguratuta egoteak ez dirudi hain gauza txarra ezta?

Gure buruan  aingura batek itsasontziengan duen funtzio itxuraz positibo eta beharrezko hori mantenduz, pertsonen kasuan, behar ote dugu aingurarik? Agian bat baino gehiago? Hori horrela, zeintzuk dira korronteen menera edo jitoan egotetik babesten gaituzten aingura horiek?

Ez dakit zein izango ote den zuen erantzuna. Horren inguruan hausnartzera animatu nahi zaituztet. Nik argi daukat. Ainguratuta bizitzea, muinean, zerbait positiboa da eta aingura horiek printzipioak dira. Eugenio Ibarzabalek guztiz gomendagarria den “La pasión por mejorar” liburuan oso modu pedagogikoan azaltzen du printzipioen kontu hau: “edozer dela ere gogora datorkiguna, badira inoiz egin behar ez diren gauzak eta, aldiz, beti egin behar diren gauzak ere”. Nire ustez oso ondo laburbiltzen du honek printzipioen izaeraz eta funtzioaz dudan ikuspegia.

Guztiok izan dugu noizbait gure bizitzaren ontzia guk geuk gidatzen ez dugun sentsazioa, gure bidetik desbideratzen gaituzten ustea. Errazena aingura botatzea litzateke, baina, horretarako, gure printzipioak zeintzuk diren aztertu behar dugu lehenik eta behin, eta haiekin zer nolako koherentziaz jokatzen dugun ikusi. Sarri asko, kosta egiten zaigu ainguratuta bizitzea eta gehiago jokatzen dugu Groucho Marxek behin esandako esaldi haren arabera: “hauek dira nire printzipioak, baina ez badituzu gustuko, baditut beste batzuk”.

Uste dut norbanako bezala eta kolektibo moduan beharrezko dugula gure aingurak zeintzuk izatea nahi ote dugun sakon pentsatzea. Argi dago itsasontzientzat oinarri-oinarrizko tresna dela, baina haietan ere pertsona bat da aingura hori hondora bota ala ez erabakitzen duena.  Beraz, aukera ederra daukagu geuk ere galdera bati erantzuteko: zeri ainguratuta bizi nahi dut?

Iker Uson

...

Parekatu