BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Euskal gazteak, berradiskidetzeko subjektu aktibo

2015-10-19

Gazteria eztabaidarako gaia izan ohi da. Gizarte parte-hartzeko egitasmo guztietan azaleratzen den gaia da. Gizarte berradiskidetzeari eta oroimen historikoari lotutako egitasmoetan ere gertatzen den zerbait da. Horrela, jendeak bere herrian berradiskidetzea sustatzeko ekintza edo neurriak hartzeko proposamenak agertzen hasten direnean, lehenago ala beranduago, gazteak aipatzen dira.

Baketikek aurrera eramandako egitasmoetatik honakoa ondorioztatu daiteke, orokorrean: parte-hartzaileek gazteak aipatzen dituztenean izaten da, alde batetik, haiek faltan botatzen dituztela esateko, eta bestetik, gazteak 25 urtez beherako gizarte segmentua direla esateko. Azkenik, prozesuan haiek txertatu ahal izateko moduak proposatzen dira.

Pertsonalki, uste dut albiste ona dela parte-hartze prozesuetan orokorrean, eta bizikidetzaren ingurukoetan zehazki, gazteen parte hartzearen garrantzia edo nahia azpimarratzea. Dena den, esandako guztia, askotan, ados ez nagoen ideia baten menpe gelditzen da: gazteek parte hartu behar dute ez baitaude gure herriak urte luzeetan jasan izan duen gatazkaz besteak bezain kutsatuta. Beraz, zenbaitek diote gazteek prozesuetan egon behar dutela gizarte “garbi”-ko ordezkari diren heinean.

Unibertsitateko gazteekin izan dudan esperientziak eta gizarte portaerak aztertzeko neure grina pertsonalak erakutsi didate ez dagoela halako “garbitasunik”. Noski, une desberdin bateko seme-alabak dira eta, beraz, euren iritziak ez dira euren gurasoen iritzien berberak izango. Baina, euren gurasoek gizarteratutako gazteak dira eta haiengandik jaso dute, hein handi batean, gure gatazkaren inguruko etiketa eta ideien herentzia. Ondorioz, ez nuke esango ez dutenik gatazka bizi izan, baizik eta modu desberdinean bizi izan dutela, eta horrek bultzatu beharko gintuzke euren esperientzia ere kontuan hartu eta bizikidetza sustatzeko egitasmoetan txertatzera.

Beste hainbatetan bezala, Gerra Zibilarekiko konparazioak balio diezaguke. Gaur egungo helduen populazioaren zati handienak ez zuen gerra hori sufritu izan, eta aldiz, egun, memoriaren inguruko aldarrien bultzatzaile nagusiak dira, bai memoriaren eskubidea defendatzen duten aldarriena, bai eta kontrako aldarriena ere, dagoen aldearen arabera. Era berean, euskal gazteak gertatutakoaren biktima dira eta etorkizunerako aldaketarako giltza. Gertakarien  bizipenak eta etxe bakoitzean bataz eta besteaz esan diren kontakizunak ere zizelkaturik gelditzen dira gazte horiengan, eta beraz, bizikidetzaren aldeko bidean subjektu aktibo izan behar dute.

...

Parekatu