BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Eta zergatik ez?

2015-09-15

Atzo berriketan aritu nintzen lagun batekin eta Normandian, Frantzian, bizi izan berri duen gertaera bat kontatu zidan. Inguru haietara egindako bisita batean La Cambe-ko hilerria ezagutzeko aukera izan zuen. Hilerri honek badu berezitasun bat, bertan hilobiratuta dauden gorpuak II. Mundu Gerrako 21.000 soldadu alemaniarrenak direla.

Nire lagunak kontatzen dit, inguru horietako edo antzeko tokietako hilerri askotan gertatzen den moduan, atsekabetuta gelditzen dela bat hainbeste gurutze eta hilobi ikusita, batez ere pertsona horietako asko garai haietan bizia galdu zuten gazteak direnean. Zaila da ez pentsatzea hilobi bakoitzaren azpian pertsona baten bizia dagoela, familiadun norbaitena, eta familia horiek beharbada ez zutela inoiz jakin hilobi honi buruzko ezer, gorpu asko identifikatu ezinik gelditu baitziren; bere ametsak, beldurrak eta lagunak zituen pertsona baten bizia dela joan zena, eta hori guztia milaka eta milaka aldiz errepikatua.

Bertako agure batekin hitz egiteko aukera izan zuen nire lagunak. Eta ezin izan zion eutsi honako galdera egiteko gogoari: “zergatik soldadu nazientzako hilerri bat?”. Agurearen erantzuna kategorikoa izan zen: “eta zergatik ez?”. Gizon hark kontatu zion nola Frantzia Askatasunaren, Berdintasunaren eta Senidetasunaren herria zen eta, beraz, edozein pertsonak, pertsona izate hutsagatik, duintasuna zuela. Horrela izanik, soldadu nazi haiek ere pertsona ziren eta pertsona ziren heinean ehorzketa duin bat merezi zuten.

Nire laguna hunkituta gelditu zen erantzunarekin. Pertsonaren duintasunaren inguruan teorikoki hausnartzea gauza erraza da. Aldiz, duintasunaren alde egitea duintasun hori zure etsaiarena denean, beharbada zure senideak edo lagunak hil zituen haren duintasuna denean, hori zinez zailagoa da.

Eta horretantxe datza giza duintasunaren defentsaren sinpletasunak eta zailtasunak. Hura defendatzean, baita hura defendatzen ez dutenena edo harengan sinesten ez dutenena denean ere.



Iker Uson

...

Parekatu