BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Hausnarketa etikoaren atenporalitatea

2015-06-19

Oroimen historikoa berreskuratzearen aldeko mugimendua bogan dago. Gero eta gehiago dira euren aitonarekin gertatu zena jakin nahi dutenak, edo 1936ko Estatu kolpearen ostean edo diktaduran gertatutakoa salatu nahi dutenak. Nabarmendu nahiko nuke pertsona horietako askok giza-eskubideen urraketa moduan ulertzen dutela gertatutako hori. Horregatik, oinarrizko eskubideak urratu zaizkion edozein biktima artatzeko nazioarte mailan ezarrita dauden ildoei jarraituz, asko dira honako hiru eskubideen aldarria eurena egin dutenak: egiarako eskubidea, justiziarako eskubidea eta erreparatua izateko eskubidea.

Mugimendu honi esker, gainera, gertatutakoaren inguruko hausnarketa etiko bati ekin diote pertsona ugarik. Ondorio batera iritsi dira horietako asko: euren senitarteko edo bizilagunak desberdin pentsatzeagatik erail zituztela, eta horren aurrean, gertatutakoa argitzea, errudunak egindakoagatik ordaintzea eta ingurukoei eta senitartekoei erreparaziorako laguntza ematea beharrezkoa dela.

Noski, pozgarria da gure gizartean mota honetako hausnarketak egote hutsa. Baina, era berean ikusten dut hausnarketa etiko horiek denboraren marko baten pean daudela, eta, ondorioz, ia-ia berdinak diren eskubide urraketek balorazio desberdina jasotzen dutela gertatu diren unearen edota borreroaren arabera. Horrenbestez, esaterako, onartezinak dirudite bando frankistak egindako torturak eta irainak, baina, aldiz, ez dira aitortzen demokrazian Estatuaren aldetik egindakoak; edo modu desberdinean kalifikatzen dira bando frankistak egindako erailketak eta ETAk egindakoak.

Hausnarketa etikoa, berez, atenporala da. Ez zait etikoki onargarria iruditzen urraketa bat desberdin baloratzea egin zen garaiaren arabera, edo “gureek” edo “besteek” egindakoa izan denari begiratuta. Testuinguruak eta egoera ezagutu behar dira. Gertatutakoaren berrikuspen kritikoa egiteko zatika joan behar dugu, analisi eta lanketa hobeagoa egiteko. Baina beti ere zatikatzen dugun hori ez bada pertsonaren duintasunaren defentsa sutsua, edozein dela ere unea, kausa edo borreroa.

Iker Uson

...

Parekatu