BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Etika, legezkotasunetik harago

2015-04-27

Zoritxarrez, hedabideetan egunero ikusten ditugu ustelkeria kasuetan murgilduta dauden pertsonen arteko deien transkripzioak, non enpresariak eta politikoak laguntxo moduan agertzen diren inongo lotsarik gabe, diru eta zerbitzu publikoak euren ehiza-barruti pribatuak balira legez hitz eginez, gainera. Zaila da ez lotsagorritzea.

Hala ere, elkarrizketa horietan “harrapatutako” ordezkari politikoei horiei buruz galdetzean, ohikoa da, zaila dirudien arren, euren lotsagabekeria maila gainditzea eta zera erantzutea: “ez dago legez kanpoko ezer elkarrizketa horietan”.

Argi dago, eskubide estatu batean pertsonak epaituak izan behar dugu baldin eta legeren bat urratu izanaren frogak edo zantzuak badaude. Hori horrela, froga horiek egon ezean, ezin dugu legez kontrako gauzez hitz egin. Baina gaur egun ikusten diren akats askotariko bat da, bereziki klase politikoaren zati bati dagokionean, legezkoa dena kategoria moral gorengo bezala ulertzea. Horrela etika guztiz baztertua gelditzen da eta, politikoen kasua izan daitekeen bezala, bere karguagatik beste herritarrak ordezkatzen ote dituen ala ez inporta gabe, legea hasieratik bukaerara betetzea izan behar du edozein herritarren helburua. Eta horrela esanda ez dirudi txarra ezta? Badakigu, ordea, legea ez dela beste balore handi batzuen sinonimo, hala nola justizia, berdintasuna edo askatasuna. Badakigu, gainera, legearen arabera jarduteak ez duela de facto bermatzen jarrera etiko bat.

Historiari gainbegiratu soil batek erakusten digu gizarteak aurrera egin badu, hori milaka emakume eta gizon legea betetze hutsetik harago joan eta askotan haren kontra ere egin izan dutelako izan dela. Etikak geure hoberena ematen laguntzen digu, eta gainerako pertsonen duintasuna kontuan hartuz egiten du, gainera, ez soilik norbere buruaren mesedetan. Horregatik, jokamolde etikoak eskatu behar ditugu, eta ez bizitza eta elkarbizitza hobe baterako jokamolde legalak bakarrik.

Iker Uson

...

Parekatu