BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Elkarrizketa nobedade gisa

2015-02-23

Zorionez, gero eta ekintza gehiago antolatzen ari dira bizikidetzaren inguruko parte-hartzea eta gogoeta bultzatzeko. Horietan guztietan egiaztatu ahal izan dut pertsonek gehien baloratzen duguna desberdinen arteko elkarrizketa dela. Zalantzarik gabe, zenbat eta aniztasun gehiago bildu, hau da, sentikortasun politiko nagusietako pertsonak egotea lortuz gero, desberdinen arteko elkarrizketa hori berritzaileagoa da. Dena dela, blog honen beste sarrera batean jaso den bezala, geure herriko aniztasunaren ikusmoldea ez da muturretan bakarrik kokatzen, ideologia-eremu gertukoetan ere aurki dezakegulako aniztasuna. Horrela, bada, elkarrizketa nobedade bilakatzen da. Zorioneko nobedadea!

Pairatutako gatazkaren hamarkadek eta egun oraindik zabaldutako zauriek, neurri handi batean, entzungorrak eta itsuak bilakatu gaituzte hurkoaren sufrimenduen aurrean. Horregatik, desberdintasunez jabetuta, pertsonek elkarrizketari aukera ematea erabakitzen dutenean miraria egiten da.

Norbaitek esango dit gutxi balio duela jendeak desberdinen arteko elkarrizketa baloratzea gero inork ez baditu bere jarrerak aldatzen. Hori ukatu baino ezin dut egin. Bereziki besteari (desberdinari) enpatiarekin entzuteko gaitasuna garatzen sortzen bada elkarrizketa, orduan jarrera aldatu egiten da. Agian nahiko genukeena baino abiadura motelagoan, baina aldatu egiten da. Eta aldaketa hori ez doa kontrako norabidean, bat bestearen kredora bihurtuz; eraldatu egiten gaitu. Hori da gakoa. Elkarrizketaren helburuak ezin du izan bestea konbentzitzea neureetako bat bihurtu arte. Elkarrizketa errealitatea lantzeko tresna bilakatzea da xedea eta, geure kasuan, minez eta sufrimenduz betetako errealitatea.

Gizonezkoak eta emakumezkoak, batzuk lehendabiziko aldiz, eremuak eta elkarrizketa partekatzen ikusteak itxaropenez betetzen nau, bidea adierazten digula uste dudan bitartean. Beraz, adiskidetze-etorkizun desiratuaren hazia da elkarrizketa nobedade gisa, non etorkizun horretan desberdinen arteko elkarrizketa araua izango den.

Iker Uson

...

Parekatu