BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Partekatu jabe izan beharrean

2014-11-06

Erreportaje interesgarri bat irakurri nuen duela gutxi. Bere lehen esaldiak hala zioen: “partekatu jabe izan beharrean”. Ez dakit zuei baina niri nahiko iradokitzailea iruditu zitzaidan, artikulua irakurtzen jarraitzeko ezezik neure gogoeta pertsonala egiteko ere.

Benetan, ikuspegi historikoarekin begiratzen badugu, jabetzaren eskubideak gizateriarentzat guztia aldatu zuen. Hasiera batean bere bertsiorik informalenean, baina ez horregatik ez hain biribila, jabetzaren zentzuak historiaurreko gizon-emakumeak markatu zituen. Gizakiak, ia hasieratik, bere jabetza erakusteaz gain, hura defenditzeko beharrezko neurri guztiak hartu izan ditu. Ondoren, Antzinaroan eta batez ere erromatarrek bere zuzenbidearen bidez, gaur egun geure sistema markatzen duen jabetza-eskubidea finkatu zuten. Kapitalismoan, nagusitzen den eskubidea da. Askatasunaz, independentziaz hitz egiten da, baina bidegabekeria objektiboa eta milioika pertsonentzat pobrezia eta miseria nagusitzen diren garaietan, norberak galdetzen dio bere buruari bata zein bestea, baina batez ere duintasuna, jabetza-eskubideaz zapalduta geratu ote diren.

Lankidetzarako ekonomia deitu izan duten horretan eta batzuk bizi dugun aro digitalari esker horrelako maila gorena duenean, web guneek eta app-ek partekatzeko aukera eskaintzen digute jabe izan beharrean. Etxebizitzak, autoak, janaria, ezagutzak… Dena parteka daitekeela dirudi. Ondo pentsatzen badugu eta une batean jabetza-eskubidetik geure garun-lotura urruntzen badugu, agian gure sen onak askotan esango digu zentzu gehiago izango lukeela partekatzeak erosteak baino, partekatzeak baliabideak gastatzeak baino, partekatzeak jabe izateak baino.

Artikulu horretan agertzen ziren datu batzuk honakoak dira: munduan alferrik galtzen da elikagaien %40a, autoak denboraren %95a geldirik egoten dira, AEBetan bakarrik 80 milioi zulagailu daude eta batazbeste 13 minutu erabiltzen dituzte beren jabeek, eta abar. Datu hauen egiazkotasuna ez dakit baina zentzugabeak iruditzen zaizkit.

Partekatzea jabe izatea baino eraginkorragoa izan daiteke zentzu askotan –ekonomiatik eta ingurumenetik begiratuta, esate baterako– baina etikoagoa ere iruditzen zait, bi konturengatik gutxienez. Batetik, “zer da lehendabizi?” galderaren aurrean lehendabizi ezin duela izan beti jabe izatea erantzutea ahalbidetzen digulako; eta, bestetik, lankidetzan aritzea –eta ez bakarrik lehiatzea– posible dela ikusaraztera animatzen gaituelako gutako bakoitza.

Iker Uson

...

Parekatu