BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Bizikidetzaren bi motorrak

2014-11-03

Funtsean, ETAren indarkeriaren amaieratik, gizarte eragile askok hasi dituzte bizikidetza soziala berreskuratzea bultzatzeko prozesuak, gatazka bortitzaren hamarkaden ondoren.

Atzean duten helburua benetako erronka da eta bide asko erabil daitezke hori bultzatzeko. Hasieran behintzat, herri mailako politikan adostasunak bilatzeko lana ohiko lehentasunetako bat izaten da. Benetan, alderdi politiko desberdinak herri mailan bizikidetza berreskuratzeko prozesuari buruz ados jartzea funtsezko motorra da eta izango da prozesuan.

Hala ere, motor politikoarekin bakarrik mugi al daiteke bizikidetza berreskuratzeko prozesua? Erantzuna ez da bakarra baina uste dut politikarien arteko akordioarekin soilik ez dela nahikoa, garrantzitsua den arren. Beste motor bat jarri behar da abian, hau bai, neure iritziz ezinbestekoa: herritarren motorra. Azken finean, herritarrak dira, eta are gehiago herri mailan, bizikidetza arloan lortzen den guztiaren azkeneko onuradun nagusia. Beraz, garrantzitsua dirudi pertsonak aintzat hartzea prozesuaren hasieratik.

Denbora honetan guztian geure gizartean gertatutako urratuek eta zauriek eragin zuzena izan dute pertsonen arteko bizikidetzan. Alderdi politikoek, beraz, prozesuaren gako askoren giltza dute, baina azkenik, gizon-emakumeok gara, geure auzokidearen, lagunaren edo ezezagunaren errespetuan oinarritutako bizikidetza berri bat sortu behar dugunak. Prozesu hau alderdi politikoek babestu ahal izango dute baina ez da inolaz aurrera aterako haiengatik bakarrik. Aldiz, pertsonen arteko akordioen indarra izan daiteke behin betiko alderdien arteko akordioak ere mobilizatuko dituena.

Beraz, herritarren motorra aktibatzea ezinbestekoa dirudi geure herriaren adiskidetze-prozesu luzean.

Iker Uson

...

Parekatu