BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Zer da lehena?

2013-09-06

Giza duintasuna baztertu dugulako bizi dugu krisi egoera hau. Helburu ekonomikoak, boterea, etekinak… Denak gailentzen du giza duintasuna eta horra jasotzen ari garen fruituak. Zalantzarik gabe denok ez gara berdinak. Norberak bere bidea egin dugu bizitzan zehar, non ikasketek, bizi izan ditugun esperientziek eta joerek bakoitza batera edo bestera eraman gaituzten. Baina denok gatoz enbor beretik eta gure jatorria kontuan izanik, denok berdinak gara giza duintasunean. Beraz, zergatik ezberdintasunak? Zergatik batzuk gainean eta beste batzuk azpian? Zergatik gune mugatuak eraiki pertsonen artean?

Galdera hauek maiz egiten dizkiot neure buruari eta uda honetan Bosnian izan naizenean ere antzeko galderak etorri zaizkit burura. Norberari bihotza izozten zaio, Mostarren, autobusetik jeisten denean. Bertako kaleetan barrena, hilobiak eta gerrak utzitako orbainak baino ez dira ikusten. Bertako biztanleentzat ohikoa bihurtu da. Egunero, bakoitzak bere negozioaren persiana altxatzen duenean, badaki gurasoen edo anaiaren edo lagunaren edo... hilobia ikusiko duela, baina egunerokotasunari eutsiz aurrera jarraitzen du. Ez dakit norbaitek gerra horri etekinik atera dion baina ikusitakoa ikusita, hobe dena zegoen moduan utzi izana. Han ere beste zerbait jarri zen giza duintasunaren gainetik eta horiek izan dira ondorioak.

Nire ustez, giza duintasuna dagokion lekuan jartzen dugun neurrian, urak bere lekura bueltatuko dira. Eraiki ditzagun baldintza berriak etorkizun oparoagoa eraikitzeko, amets bat soilik izan ez dadin. Bakoitzak, galdetu diezaiola bere buruari zer egin dezakeen abian bizi dugun egoerari beste zentzu bat emateko.

Eleder

...

Parekatu