BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Giza eskubideak: iparrorratza kaos eta krisi egoeran

2020-12-09




Maider Maraña – Baketik Fundazioa





Urtero bezala, 1948ko abenduaren 10etik hasita, mundu osoko ekintzaile, gobernu eta pertsona entzutetsuek ahotsa goratuko dute berriz ere giza eskubideen garrantzia defendatzeko. Urte horietako bakoitzean, zazpi hamarkada hauetan, giza eskubideak ezinbestekoak direla eta ezin direla besterik gabe baztertu agerian uzteko arrazoi ugari aurkitu ditugu. Urtero, zazpi hamarkada horietan, eskubideren bat urratzen ari zen munduko tokiren batean norbaitentzat.

2020an giza eskubideak are erabakigarriagoak dira. Urte honetan, mundu mailako pandemia batek aurreikusitako plan guztiak zapuztu ditu, eta egoera berri bati aurre egin eta kudeatu behar izan dugu, ez baikenuen ulertu horretarako prestatu beharra genuenik ere, zoritxarrez. covid-19ak 5 kontinenteetan zehar izan duen hedapenak eragindako osasun-egoeraren ondorioz, munduak zituen erronka ugarien aurrean hau gailendu da, ez soilik aurre egin beharreko beste errealitate bat bezala, baizik eta hainbat herrialdetako eguneroko bizitzako alderdi guztiak gogor baldintzatu dituen inpaktu gisa, mugikortasunetik eta gizarte-harremanetik hasi, eta egitura ekonomiko eta lan-moduetara. 

Gobernuek eta komunitateek neurri-sortak eraiki behar izan dituzte, arazoak sortu ahala konponduz, gure aukeren biltegian (hutsegitez) artikulatu gabe genuen arrisku bati erantzuteko. Askotan, erantzunen erritmo bizkor horrek pandemiaren ondorioetan jarri du arreta, eta une batzuetan aurrean genuen guztia “saihestezina” zela eman zezakeen, bizi duguna azken hamarkadetan sustatu ditugun erabakien eta bizimoduen ondorio ez balitz bezala.

Hala, une batzuetan kaosa eta krisi-sentsazioa bizi izan ditugu, aurrean duguna zer den eta jarraitu ahal izateko bideak zein diren jakin gabe. Eta hemen, krisi-egoera honetan, krisi etikoa ere badena, giza eskubideek iparrorratz bat eskaintzen digute: beste oinarri batzuetako erantzunen aurrean, giza eskubideek norabide argiak ematen dizkigute gure proposamenak artikulatu eta eraikitzeko.

Horrela, errealitate ezagun guztia suntsitzen duen logikaren aurrean, gure erantzunek bereizkeriarik ezaren eta elkartasunaren printzipioetan jarri beharko lukete arreta, eta gure neurriek gure gizartean dauden arrakalak eta desberdintasunak larriagotzen ez dituztela bermatu. 2020an, berriz ere egiaztatu dugu pertsona guztiok ez diegula bizitzako gorabehera horiei aurre egiten tresna eta aukera berberekin, eta, beraz, beharrezkoa da gure jarduerak ikuspegi holistikotik ulertzea, guztiontzako aukerak bermatuko dituena, baina, bereziki, egun zaurgarrienak direnentzako.

Krisi hau globala dela eta denoi eragiten digula dioten logiken aurrean, globalaz eta unibertsalaz gain, krisi hau, batez ere, berariazkoa dela planteatu nahi dugu, gizarte-talde batzuen bizitza modu erabakigarrian baldintzatuko duelako eta etorkizunean haien eskubide asko gauzatzea eragotziko duelako. Beraz, krisi espezifikoa da, ez digu denoi berdin eragiten, eta pertsona eta komunitate askoren arrakalak eta erresilientzia-gaitasunak areagotzen ari da. Gu guztiok gabiltza covid-19aren ondorioei aurre egiten, bai, baina ezinbestekoa da gogoan izatea ondorio horiek modu arin edo gogorrean eragiteko aukerek zerikusi handia izango dutela gure zaurgarritasun-egoerarekin, gure egoera ekonomiko edo soziala barne. Hau da, krisiak denok baldintzatzen gaitu, baina krisi honek berak ez ditu berdin-berdin inausiko pertsona bakoitzaren etorkizuneko aukerak.

Beraz, ikuspegia aldatu behar dugu: kaosaren logikaren edo irtenbide azkarren bilaketaren aurrean, giza eskubideen oinarriak berreskuratu behar ditugu gure erantzunean, eta krisiaren ondorioei eskubideen ikuspegitik begiratzeko beharra defendatu. Horrek, bide legitimoa, finkatua eta adostua bermatzen digu, prozesuan eta baita betebeharren eta erantzukizunen identifikazioan ere oinarritutako bidea dena. Eta, batez ere, justiziarako bidea planteatzen digu.


...

Parekatu