BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

“Bizikidetza eta zirimiria”

2012-12-14

ETAren etenaldiaren ondoren, bizikidetza-kultura berri bat sustatzeak arrisku bat dauka aurrez aurre: ahaztea. Gizarte eta politika mailako esperientzia traumatikoa bizi izan dugu azken hamarkadetan. Orain hori elaboratu eta bideratu egin behar da gaizki onartzeak etorkizunean gizartean erreakzio-fenomeno ez desiragarriak sorraraztea ekiditeko, egoera berdintsua bizi izan duten beste lekuetan gertatu den bezala.

Gizartean bizikidetza- eta berradiskidetze-kultura berria etengabe bultzatzea da erantzuna. Ez gara ari zerbait puntualaz, aldaketa kultural batez baizik. Nola sortzen da kultura berri bat? Ez dago formula majikorik. Prozesu baten bidez aldaketa hori erraztuko duten baldintzak sortu besterik ezin dugu egin.

Behin eta berriz muin berdinetara itzultzen diren heziketa-ekintza samurren eta etengabeen bidez sortzen ditugu baldintzak. Zirimiri etengabe baten fruitua da. Adibide on bat azken 30 urtetako kultura ekologikoaren aldaketa da. Ez da izan ekintza zehatz baten emaitza milaka ekintzen batura baizik, zirimiri etengabe baten ondorioa.

Bizikidetza-kultura berri batek horrelako ikuspegia behar du. Gutxienez, lehentasunezko bost eremu ditu: politika, Udalak, hezkuntza, gizarte zibil antolatua eta eguneroko bizitza pertsonala. Zirimiriaren eraginkortasunaren ikuspegitik, gizarte zibilean oinarritutako proposamena aurkeztu nahi dut: bizikidetzari buruzko pedagogia etikoa eraikitzea eta partekatzea.

Gizarte zibileko aniztasuna ordezkatzen duten eta beste hamar erakunderekin beren gogoetak koordinatzeko konpromisoa hartuko duten hamar erakunderengandik sortuko den prozesu partehartzailea bultzatzea iradokitzen dut. Bizikidetzari eta bere zailtasunei aurre egiteko oinarri partekatuak adostea litzateke helburua (orri batean islatuko litzatekeena). Hori besterik ez. Baketik-ek lau erreferentzia pedagogiko eskaintzen ditu:

·Neure ikuspegiak beti osatugabeak direla onartzea da bizikidetza. ·Zailtasunen artean aukerak bultzatzen ikastea da bizikidetza. ·Egoera bakoitzean neure erantzukizun etikoa onartzea da bizikidetza. ·Giza duintasunaren balio gorena ulertzea da bizikidetza.

Gizarte-erakundeak horrelako oinarriak adosteko gai izango bagina, ekarpen handia egiten ariko ginake. Bakeak eta bizikidetzak behar duten zirimiriaren parte garrantzitsua izango ginateke.

Jonan Fernandez

Oharra: 2012ko abenduaren 14an Donostiako Kursaal Jauregian, Lokarrik antolatutako “Elkarrizketa eta bizikidetza” nazioarteko mintegian Jonan Fernandez Baketik-eko zuzendariak eskainitako hitzaldiaren laburpena da hau.

Ikus hitzaldi osoa

...

Parekatu