BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Baikorrak, baina ez inuzenteak

2018-12-05

Pasa den azaroaren 20an Eva Suarez-Llanosek, Espainiako Amnistia Internazionaleko zuzendari albokoak, hitzaldia eskaini zuen San Telmo Museoan, Baketikek eta museoak elkarlanean antolatu duten giza-eskubideen inguruko hitzaldi zikloaren barruan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubide eta Bizikidetza Zuzendari Maribel Vaquerok aurkeztuta, giza eskubideen egoera hitz egin zigun gonbidatuak, eta haien errespetu eta betearazpena zalantzan jartzen duten demonizazio politikei aurre egiteko moduaz.

Suarez-Llanos baikortasunerako dei eginez hasi zen: “1948ra bidaiatu eta gaur egungo egoerarekin alderatu ahalko bagenu oraingoa, berehala ohartuko ginateke egon diren aurrerapen handiez. Botila erdi-betea ikustean datza kontuak, erdi-hutsik ikusi beharrean”. 70 urte pasa dira Adierazpena onartu zenetik, eta 70 urte badira batzuk, zalantzarik gabe; baina era berean, ez dira ezer gizateriaren historiarekin konparatzen baditugu. “Tortura, esaterako, duela 40 urte soilik jo zen legez kanpokotzat; edo, hamarkada bat baino ez da pasa Nazioarteko Komunitateak gatazkan dauden herrialdeetara armak legez kanpo saltzen ez direla ziurtatu behar duenetik”. Lorpen horiei eta beste batzuei lotuta, giza-eskubideen defentsaren inguruan sortu den antolakuntza guztiaren garrantzia azpimarratzen zuen: protokoloak, hitzarmenak, kontariak…: “Amnistiari, esaterako, izen eta abizena duten milaka pertsonen bizitza aldatzeko balio izan digute. Beraz, baikortasunetik abiatzen naiz. Azken finean, aktibistak gara sinesten dugulako egiten dugun honek zerbaitetarako balio duela”.

Baikorra izatea, ordea, ez da inozentea izatea, eta hitzaldiaren izenburuak berak aurreratzen zigun moduan, 70 urte ondoren inork ezin ditu ziurtzat jo bere giza-eskubideak. Suarez-Llanosek onartzen zuen oso garai konplikatua dela giza-eskubideentzat: “milioika biztanlerentzat paper bustia baino ez dira eskubideak, baina, gainera, etengabe erasotuak gertatzen ari dira”. Amnistia Intenacionalek egin duen lanaren ibilbidearen laburpentxo bat egin zigun: mugimendua eskubide zibilen defentsarako sortu zen (torturatua ez izateko eskubidea, epaiketa justu baterako eskubidea, heriotza-zigorraren aurkako borroka, etab.); baina XXI. mendearen hasieretan eskubide sozialen inguruan ere lanean hastea erabaki zuten (hezkuntza, osasuna, etxebizitza, etab.). 2001ean, ordea, jada gaindituta zeuden borroketara itzuli beharra izan zuten: “Irailak 11ko gertakarien ostean, besteak beste, tortura onartezina zela defendatzen hasi behar izan genuen berriro”.

2000.hamarkadaren amaiera aldera, berriz, mundua terrorearen kontrako gerrari buelta ematen hasi zenean, krisia iritsi zen: “euste-horma bat baino zerbait gehiago izan nahi genuenean, dena aldatu zen goitik behera”, zioen. Botere ekonomikoek eta liberalek garrantzia hartu zuten, botere politikoena jaitsiaraziz, bai behintzat gizartearen begietara; desberdintasunak areagotzen dira eta bidegabekeria egoerak egunerokotasunean nabaritzen hasten dira: “hau, berez, ez zen ezer berria, baina herrialde asko eta askotan, lehen aldiz ari ziren egoera horiek euren azalean bizitzen; hori zen desberdintasuna. Eta, hain zuzen ere, egoera horretatik eratorritako atsekabea, demonizazio politikentzako lur ongarritu paregabea izan da”.

Baina, zer dira demonizazio politikak? “Gu VS beraiek” gisakoetan oinarritutako diskurtso eta politikak dira. “Diskurtso arrazista eta xenofoboek gora egin dute; esaten digute beraiek, etorkinak, lana kentzera datozela, gure segurtasun sistema hankaz gora jarriko dutela, delitu egitera datozela”. Diskurtso hauek batez ere eragina dute besteei eskubideak emateak euren eskubideen galera dakarrela pentsatzen duen jendearengan: “emakumeak irabazten badu, gizonak galdu egiten du; beltzak irabazten badu, zuriak galdu egiten du. Azken finean, niri gauzak gaizki joatearen aitzakia bat bilatu beharra daukagu”.

Gutako askok harrituta eta ikaraz begiratzen diogu joera honi. Zergatik ari dira gorantz egiten? Zergatik sinesten ditu jendeak? Suarez-Llanosen ustez, horren oinarrian jendearen atsekabea dago, haserre egoteko arrazoiak bai baititu jendeak. Baina, zer ari dira egiten arrakasta hori lortzeko? Hizlariak hiru arrazoi nagusi azpimarratzen zituen:

1) Gorroto diskurtsoak dituzten agintari hauek euren irudia moderatu dute, jada ez dute neonazien sinbologia erabiltzen, jakitun horrek gizartearen zati handi bat atzera botatzen duela. “Euren itxura moderatuarekin, eta euren ikerketa zentroetatik, batzuen eskubideak erabiltzen dituzte besteen eskubideen aurka joateko; esaten digute esaterako: musulmanak etortzen badira, zer gertatuko da gure emakumeen eskubideekin? Hau jada zinismoaren gailurra da”.

2) Sare sozialak oso ondo maneiatzen dituzte. AEBek eta beste herrialde batzuek algoritmo informatikoak diseinatzen dituzte; modu horretan, nik gai baten inguruko informazioa bilatu badut, gai eta enfoke bereko informazioa bidaltzen hasiko dira, diskurtso hori azpimarratuko duten informazioak, hain zuzen”. Gainera, albiste faltsuen garaian gaude, post-egiaren garaian, non gertaera objektiboek eragin murritzagoa duten iritzi publikoa eraikitzeko, emozio eta sineste pertsonalei egindako apelazioek baino. Egia izan zitekeenak garrantzia gehiago du egiak berak baino.

3) Giza-eskubideen defendatzaileak erasotzen dituzte, intimidazio kanpaina gisara. “Askoz zailagoa egiten da protestatzea, edo galdera zailak egingo dituen kazetari izatea.

Suarez-Llanosen ustez, egoera honek erronka berriak dakartza giza-eskubideen defentsari dagokionez. Batetik, lehentasunaren erronka: “ikusten ari gara diskurtso hauen arabera giza-eskubideak ez direla lehentasun, are, oztopo direla sumatzen da”. Bestetik, unibertsaltasunaren erronka dago: “giza-eskubideen aurka garbi hitz egingo duen lider bat topatzea ez da gauza erraza, baina badago zenbait eskubideekiko halako mespretxu kolektibo bat. Eskubide guztiak errefuxiatu guztientzat ala eskubide batzuk soilik? Zoritxarrez, horretaz ari dira hizketan”. Eta, azkenik, giza eskubideen inguruko lanak agendaren erronka du: diskurtso hauek eta post-egia honek hedabideen eta eragile politikoen agenda baldintzatzen du azkenerako. “Gainera, posizio moderatuagoetan daudenak defentsiban aritzen dira sarri eta politika horietako elementuak hartzen hasten dira, euren politiketan txertatzeko. Beraz, nahiz eta demonizatzaile handi batzuei nolabait eusten asmatzen badugu ere, beste aldean lider indartsu bat falta dela sumatzen dugu”.

Bertaratutako guztiei dei egin zien: “egin dezagun lan honen alde, defenda ditzagun eskubideak geure inguru gertuenean, eman ditzagun ezagutzera; guztiok beharko ditugu eta”.

...

Parekatu