BLOGA

Bizitza, elkarbizitza eta orokorrean gu geu eta bizitza bera nolakoak diren hausnartzeko istorio eta iritziak zabaltzeko gunea da hau.
Post laburrak eta estilo xumez idatzitakoak dira. Baketikek ez zaitu aspertu nahi. Hausnarketak eta galderak eragin nahi dizkizu. Zure iruzkinak ere ongi etorriak izango dira.

Munduko potentziarik handiena

2018-10-09

Irailean ekin genion berriro Baketikek eta San Telmo Museoak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrenaren harira antolatutako hitzaldi-zikloari. Giza Eskubideen inguruko ziklo batean beharrezkoa zen Giza Betebeharrei buruz hitz egingo zigun norbait. Nor hobeto, Pilar del Rio baino, kazetaria eta Saramago Fundazioko lehendakaria, Pertsonen Betebeharren Gutunaren sustatzaileetakoa. Duela 20 urte, Giza Eskubideen adierazpenak mende erdi betetzen zuen urte beran, Jose Saramagok Literaturako Nobel Saria eskuratu zuenean egindako akziorako deiari erantzutera dator gutun hau. Egun hartan, idazleak herritar orori dei egin zion: “ezein eskubidek ezingo du iraun dagozkion betebeharren simetriarik gabe. Gure eskubideak aldarrikatzen ditugun indar eta tinkotasun beraz aldarrika ditzagun gure betebeharrak ere”.

Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa eta orduko errektore Jose Narro izan ziren, Nobeleren hitzalditik 16 urtera, hark proposatutako erronkari heldu eta, Jose Saramago eta World Future Society (Capítulo México) erakundeekin batera martxan jarri zuena ehunka intelektual, akademiko eta gizarte zibileko erakundeen arteko hausnarketa eta eztabaida prozesu bat. “10.000 milioi pertsona, bakoitza bere gorputz eta arimarekin, bere amets eta beharrekin, planeta bakar batean bizitzeak dakarren kaosa geldiarazi nahi genuen, duela mende bat 1.600 milioi baino ez zirenean”. Errealitate aldaketak, erantzun berriak eskatzen zituen. “Inork ez du gugatik behatzik mugituko, egiten ez duguna egin gabe geldituko da”, zioen del Riok.

Hala, sarrera bat eta 23 artikulu biltzen dituen gutun bat idatzi zuten, arduraren eta elkarrekiko arduraren etikarako dei eginez. Sarreran jasotzen den gisan: “Pertsona askok pentsatu dute euren eskubideek ez dutela betebeharrekin loturarik. Badirudi pertsonek eskubideak eskuratu dituztela euren hazkuntzarako eta gozamenerako, bere buruarekiko, bere ingurukoekiko, ingurunearekiko edo estatuekiko inongo ardurarik hartu beharrik ez balego bezala. Baina beharrezkoa da eskubideez ari garenean, elkarrekiko ardura batetik aritzea”.

Egunero-egunero ikusten ditugun basakerien aurrean (desagertze behartuak, haurren lana, gerrak edo amaigabeko bidegabekeriak) informatuak egoteko betebeharra dugula, baina batez ere, azpimarratzen zuen “gure betebeharra dela eskubideak urratzen ari direla ikusten dugunean zerbait egitea”. Hori da Pertsonen Betebeharren Gutunak jaso nahi duena, “kontu publikoetan parte-hartzeko dugun betebeharra ikustaraztea eta erakundeei ez ezik, geure buruari ere eskatu behar diogula bidegabekerien aurrean ekitea. Hori boluntarismoa da? Ez, zigortu ezinak sentitzen diren horien harrotasunari aurre egiteko borondatea baizik. Herritarrok gara munduko potentziarik handiena, nahiz eta sistema etengabe saiatzen den gure potentzia hori erabili ez dezagun distraitzen”.

Florentziako laborari baten istorioa kontatzen zuen, zeinak hil-kanpaiak jo zituen. Herritarrek hildakoa zein zen galdetzen zuten. “Justizia da –zioen–, justizia hil egin da”, epaileak boteretsuari eman ziolako arrazoia babesgabeari eman beharrean. “Betebeharren Gutuna kanpai-dei bat da, herritarrak ohar daitezen asko garela, bi baino askoz gehiago. Gu gabe kito historia. Eskubideak behar dira, bai eta betebeharrak ere, kontzientzia eta arrazoidun izakiak garen heinean, nahi izatera lor dezakegun humanismo zoragarri horretara iristeko”.

Azkenik, hezkuntzaren garrantzia nabarmentzen zuen: “funtsezkoa da eskoletan Giza Eskubideen inguruan hitz egin eta formakuntza eskaintzea. Noski, Betebeharren Gutuna ere mugitu eta ikasiko balitz, ez lioke inori kalterik egingo, mesede baizik”.

Pasa den apirilean NBEri eta Idazkari Nagusi Antonio Guterresi aurkeztu diote dokumentua. “Gure helburua kontzientzietara iristea da, NBEa bide horretan pauso bat izan da; erakundeak betebeharrak aldarrikatu ditzan nahi dugu, bere egunean eskubideekin egin moduan. Garai beltzotan, denok jarri beharko dugu gure aldetik”.

Hemen ikus daiteke hitzaldia osorik:

...

Parekatu